GARA > Idatzia > Ekonomia

Krisialdi ekonomikoa Ipar Euskal Herriko enpresak ukitzen hasi da

Aeronautika industriari esker datu ekonomikoak guztiz okerrak ez izan arren, eraikuntzan eta gainerako industrietan beherakada izan da. Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak «krisi zelula» abiatu du, enpresak laguntzeko. Langabezia tasa %14,2koa da.

Ainize BUTRON | BAIONA

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak, azken sei hilabeteetako Ipar Euskal Herriko datu ekonomikoak kontuan harturik, enpresariak krisian sartu direla jakitera eman zuen atzo. Andre Garreta egiturako buruak argi utzi zuen krisia ez dela bakarrik finantza arlokoa, baizik eta «ekonomia erreala» ere ukitzen duela. «Sektore batzuek arazo handiak dauzkate, eta, etorkizunean ere izaten jarraituko dute», esan zuen.

Lantegien egoerari aurre egiten laguntzeko, «krisi zelula» berrabiatzea erabaki duela jakinarazi zuen Merkataritza eta Industria Ganberak.

Aeronautikan izan ezik, gainerako enpresentzat adierazle ekonomikoak ez dira lagungarriak, Garretaren arabera. «Aeronautika industrian hegazkin asko manatu dituzte. Industria horri esker datu ekonomiko orokorrak nahiko onak dira, baina, horrek ez du islatzen errealitatea», azpimarratu zuen.

Merkataritzan eta artisautzan enpresak sortu arren, aurreko hilabeteekin alderaturik, %9,2ko beherakada izan da. Lanpostuek ere behera egin dute. Azken sei hilabeteetan %0,3ko gibelatzea izan da, eta, azken bi hilabeteotan, berriz, %0,7koa. Horiek horrela, langabezia tasak gora egin du, eta %14,2ra iritsi da. 25 urtetik beherako gazteen artean, aldiz, tasa hori %12,5ekoa da. Altzari, zerbitzu eta material salmentaren industriak «sufritzen» ari direla azpimarratu zuen Garretak, eta lekuko ekonomia-hazkundearen bultzatzaile den eraikuntzaren industria hondatuz doala ohartarazi zuen Merkataritza eta Industria Ganberako buruak. «Lantegiak berrikuntzetan lan egitea bultzatzen saiatzen ari gara. Giltza aurkitu behar dugu, eta Txina eta India bezalako herriei aurre egiteko berrikuntzan bakarrik aurkitu dezakegu», nabarmendu zuen. Portuko jarduerak %10,8ko beherakada izan du. Ganberak normaltzat eman zuen egoera hori, Landetako ekaitzaren ondoren sortu zen egur garraioaren industria jada txikitu egin delako. Hala ere, Landetako Sobegi enpresaren finkapenak jarduera suspertu beharko lukeela uste du.

Datu zehatz horiei, Ipar Euskal Herriko seiehun enpresaburuekin egindako inkestaren emaitzak gehitu dizkie Ganberak ekonomia kinka larrian dagoela azpimarratzeko. Inkesta horren arabera, enpresarien adorea behera doa.

Hamahiru lantegi berri

Datu baikorren artean, sei hilabeteotan sortu diren hamahiru enpresa berri daude. Orotara, 136 lanpostu sortu dituzte. Autoenpresariek %30,2 gora egin dute. Enpresa sorrera mota hori gutxietsi egin zuen Garretak, ez dutelako aitorpenik egiten, eta, iraupen murritza daukatelako. Horrenbestez, lantegi sorrera horiek arautu beharra nabarmendu zuen Garretak.

eraikin berria

Bidarteko Ingeniaritza Eskolak arrakasta handia lortu du azken urteotan. Estatu frantsesean 32. postuan sailkatua da, eta arrakastari aurre egiteko, 600 ikasle jaso ahal izateko eraikin berria egingo dute.

Eraikuntza berpizteko, herrientzat arauak finkatu

Eraikuntza eskaintza bideratzerakoan herri elkargoek dituzten kontraesanak mahai gainean jarri eta salatu zituen atzo Andre Garretak. Lekuko enpresarientzat eraikuntzan merkatu zatiak desagertzen direla-eta, arau fiskal eta sozialak finkatu beharra dagoela esan zuen. Desfasea maila ezberdinetan dago, Garretaren ustez, eta irtenbideak atzemateko ordua iritsi dela esan zuen. Arazoa Europa mailakoa denez, arautzeko, eurodiputatuei dei berezia egin zien. Tokian tokiko herriak ere egoera horretaz ohartarazi zituen Merkataritza eta Industria Ganberak. «Arauak badira eta, eraikitzeko eskaintza bat egiterakoan, horiek erantsi behar dituzte», esan zuen Garretak. Eraikuntza deialdiak Europa mailakoak direla gogoratu zuen horrekin, baina aukeraketa herriek edo herri elkargoek egiten dutenez, irizpide batzuk finkatu behar dituztela azpimarratu zuen. «Eraikuntza enpresen artean %25 edo %30eko tartea badagoelarik, gure buruari galdetu behar diogu zergatik dagoen ezberdintasun hori», gaineratu zuen. Ezberdintasun horiek fiskalitatean eta arlo sozialean daudenez, bi sail horien gaineko arau batzuk helaraziko dizkiete herri eta herri elkargoei. A.B.

Lurrak

Enpresa txiki edo oso txikiak (TPE) finkatu ahal izateko lurrak eskasak dira Ipar Euskal Herrian. Irtenbide bat aurkitzeko, Lurraren Erakunde Publikoarekin bildu ziren atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo