GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Apustua | Mistoa

Errezildarrek eta azpeitiarrek dirua eta ohorea izango dituzte jokoan

p044_f02_97x96.jpg

J.L.

Ikusmin handia piztu duen apustua jokatuko dute gaur Errezilen, 16.30ean, Errezilgo eta Azpeitiko taldeek. Harri-jasotzen, aizkoran, bizikletan eta korrika arituko dira. Lau kirolarik osatuko du talde bakoitza, guztiak ere ezagunak, ez herri kirol munduan bakarrik, baita lasterketa eta triatloi arloan ere. Alde bakoitzak 1.000 euro jokatuko ditu, baina diruaz gain, ohorea ere izango da jokoan, eta horrek berak ere grina handia sortzen du.

Harri-jasotzearekin abiatuko da norgehiagoka. Aimar Irigoien izango da Errezilgo ordezkaria, eta Gusta, berriz, Azpeitikoa. 20 jasoaldi eman beharko dizkio bakoitzak, baina kasu honetan Irigoienek bost kiloko abantaila emango dio bere aurkariari; izan ere, berak 125ekoa jaso beharko du, eta Gustak, 120koa.

Ondoren aizkolarien txanda izango da, eta bakoitzak kana-erdiko hiru enbor erdibitu beharko ditu. Goenaga izango da etxekoen ordezkaria, eta Uzkudun II.a, berriz, azpeitiarrena. Lehena sega munduan aski ezaguna da, eta gaur lehen aldiz plazetan aizkoran ere ikusi ahal izango da. Uzkudun, berriz, Euskal Herriko Hirugarren Mailan aritu da aurten.

Ondoren, txirrindulariak izango dira, eta Errezildik Azpeitira joan eta etorri egin beharko dute. Ibarbia eta Uzkudun I.a izango dira aurrez aurre. Apustua bukatzeko korrikalarien txanda izango da, eta Arruti eta Segurola neurtuko dira. Bakoitzak 5 kilometro egin beharko ditu, eta hor erabakiko da auzia. Lau hauek ere ezagunak dira lasterketa eta triatloi munduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo