GARA > Idatzia > Mundua

Paramilitarrek hamar nekazari hil dituzte Kolonbiako herri batean

Paramilitarrek hamar nekazari hil zituzten asteazkenean Kolonbiako Antioquia departamenduko etxalde batean. Lanaldia bukatutakoan, armatuta zeuden hiru gizonek biltoki batean sartu zituzten eta, granada bat jaurti ostean, tiro egin zieten. Agintariek Los Rastrojos taldeari leporatu zioten sarraskia. Agintarien hitzetan, taldeko buruetako baten atxiloketagatik edo etxaldearen jabeak haien «zerga» bat ordaindu nahi ez izateagatik mendeku hartzeko egin dute.

p024_f01_148x116.jpg

GARA |

Kolonbiako Antioquia departamenduko Santa Rosa de Osos herrian hamar nekazari hil zituzten iragan asteazken arratsaldean. Tomateak ekoizten dituen etxalde batean lan egiten zuten duela bost urtetik. Armatuta zeuden hiru gizon etxaldean sartu eta langileak biltoki batean batu ondoren, eskuko granada bat jaurti eta tiro egin zieten. Etxearen aurrealdean tiro arrastoak utzi zituzten.

Defentsa ministro Juan Carlos Pinzonek Los Rastrojos talde paramilitarrari leporatu zion ekintza hori. Azaldu zuenez, baliteke sarraskia mendekuz egin izana. Bi hipotesi dituzte agintariek mendekuaren zergatiaren gainean. Bata, duela gutxi taldearen buruzagietariko bat atxilotu izana eta, bestea, etxaldearen jabeak eskatu zioten dirua ordaintzeari uko egin ziola.

Kolonbiako ararteko Jorge Armando Otalorak Santa Rosa de Osas herriko nekazariek mehatxuak jaso dituztela salatu zuen. Inguruan bi talde paramilitar daude indarrean; Los Rastrojos eta Los Urabeños. Ohikoak dira beraien arteko liskarrak, eremuaren kontrola eskuratzeko zein drogaren negozioa menperatzeko lehian. Bi taldeok Kolonbiako Autodefentsa Batuak (AUC) talde paramilitarraren zatiketatik sortuak dira. Urtetan izua zabaldu zuen kolonbiarren artean. Ehunka sarraski, hilketa eta desagerpen leporatzen dizkiete. 2006an, Alvaro Uribe presidentearen Gobernuarekin negoziazio prozesua egin zuten eta teorian armak utzi zituzten arren, AUCeko kide izandako askok beste talde armatu batzuk sortu zituzten.

«Ez da posible Kolonbiak mota honetako sarraskien lekuko izaten jarraitzea. Berehala argitu behar dugu gertaturikoa eta aldez aurretiko alarma seinaleak kontuan hartu beharko lituzke Gobernuak. Biztanleak gaizkile talde horietatik babesteko neurriak hartu behar ditu», nabarmendu zuen. Ohartarazi zuenez, gertatutakoak lekualdatze berri bat eragin dezake. Antioquiako gobernadore Sergio Fajardok gaineratu zuenez, «hilketa hau ez da kriminal talde txiki baten gauza. Egileak ez dira kriminal solteak. Kriminalitatea urtetako kontua da eta Kolonbia osoan egituratuta dago. Heriotza kriminalitatarean eguneroko ogia da».

Bere hitzetan, talde paramilitarren arazoa ez da konponduko buruzagietariko bat atxilotuta. «Don Rodrigo izengoiti bat baino ez da. Izengoitiak aldatu egiten dira, baina fenomenoak bizirik jarraitzen du», adierazi zuen. «Agintariekin lan egin behar dugu paramilitarismoa amaiarazteko. Ikusten ez ditugun buruzagiak buru-belarri sartuta daude gatazka honetan. Neurriak hartzea berebizikoa dugu gazteak mundu horretan sar ez daitezen», esan zuen.

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak gogor gaitzetsi zuen nekazarien heriotza eta Estatuak giza eskubideak errespetatu, bermatu eta babestu behar dituela nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo