GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Maider Carrere eta Haritz Perez | Gazte Abertzaleetako idazkari nagusia eta Antolakuntza idazkaria

Mugarrien beharra aurrera egiteko: Gazte 1+ez!

Geure buruari mugarri batzuk jarri behar dizkiogu: gatazka bere osotasunean erreparatzeko gazteen elementua kontuan hartzeari oso garrantzitsua deritzogu

Aitortu behar dugu 2008. urtea urrun gelditzen dela gure gogoan. Zer egiten ari ginen gu urte hartan? Ariketa hori egiten hasita zehaztasunez ezer gutxi koka dezakegula ohartzen gara. Ez al da lehenaldia nebulosa bihurtzen geure oroimenean mugarririk ez dagoenean? Mugarririk gabeko historia ez da historia, istorio soil batean gelditzen den pasartea baizik.

Tamalez, herri honek oroitzan gordetzen dituen mugarri asko daude; eta mugarri horiek ere gazteenen oroitzan mugiezinak diren zutarri pisutsuak daude. Beste behin ere, 2008a geure oroitzara ekarri digute, beste garai batzuetako hodei ilunen itzalean gelditu gara; beste behin ere Euskal Herriko sei gazte espetxeratzeko arriskuan daude, Oarsoaldekoak hain zuzen ere, beren militantzia praktikara eramaten zuten erakundeari 2007an epaile batzuek «terrorista» etiketa jartzea erabaki zutelako.

Gaur 2012ko azkeneko hilabeteetan, itzalen mundutik ateratzen ikasten ari garen honetan, agertoki berri baten lanketan dihardutenean eragile askok, gazteen erabilera lazgarria bizitzen ari gara gatazkaren luzamenduarekin probetxua atera dezaketenen eskutik.

Badakigu hau ez dela azkena izango; oraindik luze joko duen gazte auzipetuen zerrenda dugu mahai gainean. Izen-abizenekin, senide-lagun eta inguruko jendearekin. Oraindik ez da amatatu kolpatua izan behar duenaren beldurra. 2008ko Maitane, 2009ko Nahaia eta 2010ko Aitziber beraien ordua noiz helduko den itxoiten daude, berriz ere noiz kolpatuak izango diren itxoiten ari dira: sasijustizia eta demokrazia ustel baten eskuetan dauden gazteak dira. Beraien biziaren norabidearen etena determinatuko duten epaiaren zain daude. Noiz arte?

Kezkagarria da oso 2007tik aurrera 200 gaztetatik gora ziega ilunetatik pasatu izana; kezkagarriak dira tortura salaketak; adierazgarria da ere akusazioetan azaltzen diren frogen konsistentzia eza. Baina are adierazgarriago dira kolpatuak izan diren eta izango diren pertsona hauek normalkuntza politikoko prozesuan positiboki gehitzen dituzten ekarpenak, indarrak eta animoak. Eta beste alde batera begiratzen duena, errealitate honi bizkarra ematen diona, ez da gizalegez jokatzen ari, argi eta garbi.

Behin eta berriro mintzo izan gara Gazte Abertzaleak erakundetik gatazka honen barnean gazteen estigmatizazioa kontuan hartu behar den faktorea dela; biktimen aitortzan ere gazte hauen kontakizuna aintzat hartu beharko dela. Modu berean ere gazte erakundeen legeztapena eskatu dugu eta ez da fundamentu gabeko eskaria: legez kanpo dauden erakundeetako kideak izatea egotzita, gazteek epaitegietatik pasatzen jarraitzen dute. Beste garai batzuetan ezarritako mendekua, 2012ko markoan bizi dugu. Eta normalizazio prozesu batean mendeku politiken jarraipena, nahiz eta pasiboa izan -lehenaldian irekitako epai prozesuen menpe egon- zauriak irekitzeko eta amorrua handitzeko besterik balio ez duen lanabesa da. Perbertsoa.

Espiral honetan murgilduta, kanpoan gauden aktore gisa, hausnarketa hau plazaratu nahi izan dugu orainaldian gertatzen ari diren kausak eta zirkunstantziak direlako. Oroitzaren presentzia hain garrantzitsua den honetan, geure buruari mugarri batzuk jarri behar dizkiogu: gatazka bere osotasunean erreparatzeko gazteen elementua kontuan hartzeari oso garrantzitsua deritzogu.

Eta zintzoki espero dugu zehaztu gabeko datan deituko zaigun prentsaurrekoan irribarrez azaltzeko aukera izatea, gazte 1 + ez dutela ziega hotz batean sartuko iragartzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo