GARA > Idatzia > Euskal Herria

Altsasuko Institutuan murrizketengatik garbitzaile gutxi daudela salatu dute

M.D. | IRUÑEA

Altsasuko Institutuko hezkuntz komunitate osoko ordezkariek (ikasleek, irakasleek, gurasoek, beste langileek eta zuzendaritzak) ezarri diren murrizketak direla-eta garbitzaileen kopurua nabarmen jaitsi dela salatu zuten atzo egin zuten agerraldian.
Joan den ikasturtera arte, bost langile zeuden Altsasuko Institutuan garbiketa lanak egiteko. Irailaren 30ean horietatik bik erretiroa hartu dute eta Nafarroako Gobernuak ez ditu lanpostu horiek bete. Ondorioz, lehen bost langileren artean egiten zituzten garbiketa lanak orain hiruk egin behar dituzte.

Egoera are okerragoa da kontuan izanda Altsasuko Institutuan ikasleen kopuruak gora egin duela. Joan den ikasturtetik hona 50 ikasle dituzte, orotara, 540.

Gauzak horrela, hiru langile horien artean ezin dute lana behar bezala bete; izan ere, kiroldegia, ikasgelak, mintegiak eta abar ditu Altsasuko heziketa zentro honek.

Egoera hori dela-eta, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailarekin bildu ziren Altsasuko Institutuko arduradunak, eta bertan arazoa konpontzeko lanean ari direla erantzun zieten. Ordutik 40 egun pasa dira, baina Altsasun ez dute erantzunik jaso eta hiru langileen artean egin behar diote aurre garbiketari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo