Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
Banpiroak atzo eta gaur (I)
Bram Stoker jaio zela 165 urte bete ziren ostegunean eta omenaldi gisa egilearen obra ezagunenean oinarrituriko diseinua erakutsi zuen Google atariak bere sarrera orrian egunak iraun bitartean. Obra ezagun hori, esan beharrik ez dago, «Dracula» (1897) da. Bere bizitzan zehar hainbat nobela idatzi eta argitaratu zituen Stokerrek, besteak beste «The Lady of the Shroud» (1909) eta «The Lair of the White Worm» (1911), beti ere beldurrezko literaturari jarraituz. Hala ere, «Dracula»-k lorturiko arrakastaren ondorioz obra bakarreko idazle moduan gogoratzen du jendeak. Agian horren arrazoia da nobelak urteekin interesa pizteari utzi beharrean kontrakoa gertatu dela, hau da, banpiroen eta bestelako gaueko izakiekiko obsesioa gainditu beharrean, arras indartsua dela gaur egun. Argitaratze urtean bertan zalaparta handia eragin zuen lanak. «Dracula»-ri buruz esan zuten «beldurrezko nobela peto-petoa» zela, hura irakurrita irudimenaren produktu ziren gertaera eta pertsonaiak errealak bailiran sentiarazten ziola irakurleari.
Gaur egun, denetariko teoriak erabili dituzte nobela aztertzeko, genero teoriekin hasi eta joera poskolonialistetan bukatuz. Teoria batzuen eta besteen arreta gunea ezberdina den arren, gehienak bat datoz puntu batean: banpiroaren irudia antsietate sintoma bat da, ezezaguna denak norberarengan eragiten duen antsietatearen sintoma, hain zuzen. Stokerren garaian, gaur egun bezala, ezezaguna gizarte arauei ihes egiten zieten jokabideei loturik zegoen. Egileak forma eman zion Draculari, baina haren oinarrian dagoen gertaera ez da berak asmaturikoa baizik eta beste norbaiti entzundakoa.