GARA > Idatzia > Kultura

Nestor Basterretxearen handitasuna bere txikian

Nestor Basterretxearen «Euskal kosmografia» saila osatzen duten eskulturek maketak izan zituzten aurretik, eta horiek guztiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan daude ikusgai. Hamasei eskultura dira guztira erakusketa iraunkor hau osatzen dutenak.

p055_f02_97x144.jpg

p055_f03_147x144.jpg

GARA | DONOSTIA

Artista bakoitzak bere metodologia propioa izaten du sortzeko garaian eta Nestor Basterretxeak maketak egiten ditu tamaina handiko eskulturak egin aurretik. «Euskal kosmografia» saila osatzen duten eskulturen maketak Gipuzkoako Batzar Nagusietan dotore kokatuta ikusgai daude atzoz geroztik. Hamasei dira guztira, Bilboko Arte Ederren museoari dohaintzan emandako sail hau osatzen dutenak baina bi gutxiago. Izan ere, eskultura bat egiteko ez zuen maketa egin eta beste batena saldu egin zuen.

Maketa hauek ere dohaintzan eman dizkio Basterretxeak Gipuzkoako Diputazioari eta honek, Batzar Nagusiei. Horietako hiru batzar aretoan jarri dituzte eta gainerakoak, atarian. Pieza hauek bananduta egon dira urte askoan, hamar, Irungo Gordailu zentroan eta beste seiak, artistaren etxean.

Atzo azaldu zuenez, azken hauek zaharberritu egin ditu, 2005ean Diputazioaren Ogasun etxean -garai hartan han zeuden piezak- izandako sutearen ondoren kaltetuta geratu baitziren.

Aurkezpen ekitaldian gonbidatu ugari izan ziren, horien artean Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia, Jon Maya dantzari eta koreografoa eta Ricardo Ugarte, Koldobika Jauregi eta Jose Antonio Sistiaga artistak, baita Gipuzkoako batzarkide guztiak ere.

Basterretxeak azaldu zuenez, egun batean konturatu zen Euskal Herriaren mitologia/kosmologiak noizean behin aldizkarietan eskaintzen zaizkion binetak baino zerbait gehiago merezi zuela. Orduan hasi zen serie hau sortzen, Joxe Migel Barandiaranen ikerketetan oinarrituta. 1973an hasi zuen saila eta Aker Beltz, Argizaiola, Bost Aizeak, Idittu, Majue... izaki guztiek forma abstraktua hartu zuten Basterretxearen eskuetan.

«Mitologia harrigarria da, ez da optimista, min asko dago beregan», azaldu zuen Bermeon jaio eta Hondarribian bizi den eskultoreak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo