maitane linazasoro, Xabier lujanbio, Iosu arruabarrena, Arkaitz antza eta aitor franco | Oiartzualdeko gazteak, gorenaren epaiaren zain
«Maila pertsonalean `marroia' da, baina politikoan harro gaude egindakoaz»
2008ko apirilean atxilotu zituzten, Oiartzualdeko 17 gazteren kontrako operazioan. Auzitegi Nazional espainolak horietako 11 absolbitu zituen, baina bost errenteriar hauei 6 urte eta 6 urte eta erdiko zigorrak ezarri zizkien. Orain, Auzitegi Gorenaren epaiaren zain daude.
Mikel PASTOR |
Lau urte luze pasa dira 2008ko udaberritik hona. Mota guztietako sentimenduak bizitzeko parada izan dute bost gazte errenteriar hauek denbora tarte horretan. Amorrutik ezintasunera, beldurretik esperantzara, poztasunetik tristurara. Orain, «lan politiko hutsa egiteagatik», 6 urte eta 6 urte eta erdiko kartzela mehatxuari aurre egin beharko diote, Auzitegi Gorenak bere garaian Auzitegi Nazionalak hartutako epaia atzera botatzen ez badu. Laster jakingo da.
Lau urte baino gehiago igaro dira Grande-Marlaskak zuen atxiloketa agindu zuenetik. Nola gogoratzen dituzue egun horiek, inkomunikazioa...?
Xabier LUJANBIO: 2008ko apirilaren 18an atxilotu gintuzten, goizaldeko lauretan. Eta lehendabiziko momentutik sentitu genuen beren eskutan ginela. Hori zen sentsazioa, beren eskuetan ginen, ez genuen zer eginik. Etxea hankaz gora jarri eta kotxean kolpeak hasten direnean, badakizu zer tokatuko zaizun Madrilen, inkomunikazio egunetan. Nire kasuan, gainera, bikotekidea atxilotu zuten operazio berean, eta hori karga bihurtu zen prozesu osoan zehar, mehatxuak hortik joan zirelako. Torturatzeko, bere aurrean jarri ninduten, tartean ispilu bat zelarik, eta nire erantzuna euren gustukoa ez bazen, arropa bat kentzen zioten, larrubizi bukatu zuen arte.
Maitane LINAZASORO: Nire kasuan, bigarren sarekadan erori nintzen. Bi hilabete eta erdi egon ginen epailearen aurrean aurkezteko, baina ez zigun utzi. Atxilotuta izango ginela jakinda pasatu genuen denbora hori, itxaroten, tentsio bizian.
Arkaitz ANTZA: Inkomunikazioko bost egunak oso gogorrak izan ziren niretzat. Kolpeak, mehatxuak...baina txarrena, duda barik, atxilotutako lagunen gaueko oihuak entzutea da, sufritzen ikustea, lo ezin egitea, uf! Auzitegi Nazionalera heldu, hormetan odol arrastoak ikusi eta poliziak «esto es sangre de un compañero tuyo, ¿eh?» esatea. Zu suntsitzea dute helburu, oso planifikatuta zeukaten. Batek esaten zidan «me da igual si lo has hecho o no, lo vas a firmar, y punto!», eta besteak, «tenemos cinco días, te puedes bajar en la primera parada o en la última, tú decides».
Iosu ARRUABARRENA: Torturatzaile profesionalak dira, badakite bakoitzari nondik eraso, ze kiderekin lotu, min nabarmenena egiteko.
Eta epaiketan bertan poliziekin aurrez aurre egon behar zenuten. Nola bizi dira momentu horiek?
X.L.: Oso gogorra da, oso. Aurretik jakinda zure torturatzailea zure aurrean egongo dela, jakinda gezurretan ari dela, eta haiek badakitela. Ezintasun hutsa da sentitzen duzuna.
I.A.: Ezintasuna, gainera, orokorra da, han dauden guztiek, epaileak, fiskalak, jakin badakitelako torturak badaudela, eta ezikusiarena egiten dute. Elkar babesten dute, immunitatea daukate.
A.A.: Epaiketan, gainera, agerian geratu zen han zeuden poliziak gezurretan ari zirela, eta gure torturatzaileak zirela. Momentu horietan sortzen den tentsio hori, inpotentzia, Xabierrek jaso zuen, antsietateak jota alde egin behar izan zuelako.
X.L.: Begietara so egin eta bere torturatzailea zela onartzeko agindu nion, ezintasunak jota. Ezin nuen gehiago.
I.A.: Oso ebidentea izan zen, Xabierrek egindako deskripzioarekin bat egiten zuen.
A.A.: Nabarmendu nahi nuke inkomunikazioan sortzen den izugarrizko beldurra. Bi begi alde guztietatik, zuri begira... Denok irakurri ditugu torturatuen testigantzak, eta hor zaudenean, zeure buruari galdetzen diozu, «eta nirekin eskua joaten bazaie?»
X.L.: Badakite babestuta daudela, eta hori erabiltzen dute.
I.A.: Kolpeek baino, umilazioak egiten du min, barrenean geratzen direlako iltzatuta.
Geroztik zuenganako elkartasun keinu ugari bultzatuta dira. Heldu zaizue babes hori?
M.L.: Hasieratik nabaritu dugu. Beste etxe batean atxilotu ninduten, horra hor froga nabarmena. Hortik aurrera, deiak, opariak, gutunak... denetarik.
X.L.: Herri honetan amnistiaren aldeko mugimenduak eta Etxeratek oso jarrera ona izan dute gu eta gure senideekiko.
I.A.: Nire kasuan, kanpotik ez ezik, barrutik, kartzelatik jaso nuen babesa. Txundituta utzi ninduen. Preso batzuk hogei urte baino gehiago barruan eta... kaguendios, lehenbiziko momentutik zuri lagundu.
A.A.: Tristea da esatea, baina kartzelara sartu ginenean sekulako lasaitua hartu genuen: elkartasuna, kideak, inkomunikazioa atzean uztea. Harrigarria den arren, egun hori nire bizitzako alaienetarikoa bezala gogoratzen dut. Tristea da esatea, baina hala da. Horrek garbi erakusten du aurreko bost egunetan zer pasatu genuen.
Urte honen hasieran, epaitutako 17 gazteetatik 11 absolbitu zituen Auzitegi Nazionalak eta zuek zigortu. Zein sentipen izan zenituzten?
X.L.: Espero baino askoz gehiago absolbitu zituzten. Halere, noski, sentsazioa gazi-gozoa da, ezta? Gozoa, hamaika lagunek, haien artean nire bikotea libratu zirelako, baina, noski, beste seiak... kaguendios, kristoren `marroia' jan behar genuen.
Aitor FRANCO: Sekulako lasaitua hartzen duzu, inkomunikazioan lagunak salatzea zein gogorra den badakizulako, eta hauek aske ikustea... sekulako lasaitua da.
M.L.: Ni bigarren sarekadan erori nintzen, eta ez diot inoiz nire izena ematea inori leporatu, nik bost mila izen gehiago emango nituzkeelako euren tokian egonda.
Badirudi epaituetako batzuk askatzea eta besteak zigortzea dela espainiar justiziak azken hilabeteetan darabilen jokabidea. Euskal Herrian zabaldu den ziklo politiko berrira ohitzen edo egokitzen ari dela uste duzue?
M.L.: Inolaz ere. Argi eta garbi dago. Justizia espainola itxita dago guztiz, ez du inolako aldaketarik.
A.F.: Ohitu beharko luke, etorkizuna hortik doalako, baina ez dut bere aldetik aldaketarako inolako jarrerarik ikusten. Immobilismoan ezarrita dago, eroso sentitzen da errepresioan.
X.L.: Garai berri hauetara egokitzeko, Auzitegi Nazionalak desagertu beharko luke lehendabizi, epaiketa politikoak egiten dituelako, eta Tribunal de Orden Público frankistaren jarraipen hutsa delako, epaileak eta guzti.
Hemendik gutxira Auzitegi Gorenean jarritako errekurtsoa ebatziko da, urriaren 24an tribunalak kasua gainbegiratzen bukatu zuelako, eta hortaz, epaia edozein unetan irten daiteke. Zer nolako sentimenduak agertzen dira horrelako egoera batean?
M.L.: Ezinegona eta urduritasuna.
X.L.: Hemen bi plano ezberdinduko nituzke, pertsonala eta politikoa. Oso ezberdinak dira. Maila pertsonalean kristoren kolpea da, eta edozein unetan atxilotu zaitzaketela jakiteak sekulako tentsioa dakarkizu, psikologikoki batez ere. Baina maila politikoan, oso harro gaude egindako lanaz, kontzientzia oso garbi daukagu, eta argi daukagu lanean jarraituko dugula lan politikoa eginez, kalean zein kartzelan egon.
I.A.: Sinesten duzun proiektuan lan egiteagatik kartzelatua izateak lagundu egiten du.
A.F.: Zeure burua erruduntzat ez badaukazu, askoz eramangarriagoa da edozein zigor.
X.L.: Gainera, guk bagenekien zein momentutan atxilotu gintuzten, 2008an, eta zergatik.
A.A.: Eta gehienbat, zer bilatzen zuten epaiketa honekin. Sektore aktiboena, gazteria, arriskua suposatu dezaketenak zigortzea, eta gainera, zigor eredugarria jartzea. Hori, alde batetik. Bestetik, ireki den prozesu politiko berri hau zapuztea, boikotatzea.
X.L.: Nahiko joera ziklikoa da, gainera. Bake prozesua hausten den bakoitzean, errepresio mekanismoak martxan jartzen dituzte, eta gazteengan jartzen dute ikuspuntua. Lizarra-Garaziko prozesua apurtu zenean, ilegalizazioen zikloan, Jarrai-Haika-Segiren kontra egin zuten laster, legez kanpo utziz. Jokabide hori errepikatu egin da Loiolako prozesua hautsi ostean. Atxiloketak biderkatu egin ziren, bereziki gazteen kontrako sarekadekin. Horrelako batean erori ginen gu, beste gazte guztiak bezala, lan politikoa egiteagatik.
M.L.: Niri, egia esan, sekulako amorrua eta inpotentzia sorrarazten dit egungo une politikoan parte hartu ezin izateak espetxean egoteagatik. Kristoren inpotentzia sortzen dit. Azalduko dut. Beste egoera batean tokatzen bazaizu, demagun, bortizkeria-errepresio ziklo batean demagun, ba tira, besterik gabe onartu egiten duzu, nolabaiteko etsipenarekin. Baina orain? Ilusio olatua piztu berri denean, lotsagarria iruditzen zait, lotsagarria.
X.L.: Tokiz kanpo daude honelako epaiketak garai hauetan, eta euskal gizartearen gehiengoak barneratu egin du honelako operazioak iraganaren parte direla, eta ez daramatela inora. Ezin dute ulertu.
A.A.: Ez daude gustura egungo egoeran eta blokeatu egin nahi dute, hau da, Euskal Herrian piztu den ilusio hori zapuztu nahi dute, etsipena sortu, ezer ez dela aldatu irudikatu... Baina erratzen ari dira, gurea bezalako epaiketak euren ahultasuna baino ez baitute erakusten.
«Kolpeak baino, lagunen gaueko oihuak eta sufrimenduak dira gogorrena. Lehendabiziko momentutik sentitu ginen euren eskuetan»
«Tristea da esatea, baina kartzelara sartu ginenean lasaitua hartu genuen. Horrek garbi uzten du aurreko bost egunetan zer pasatu genuen»
«Sekulako amorrua eta inpotentzia sorrarazten dit egungo une politikoan parte hartu ezin izateak»
«Etsipena sortu nahi dute, baina erratzen ari dira. Gurea bezalako epaiketak euren ahultsasuna baino ez du erakusten»