GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Estiballesen sinadura propioa, finalera

Arkaitz Estiballes. Bilboko Miribillan jokatuko den finaleko aulki batek jarrita dauka izena. Izen propioa, nortasun markatukoa, bere-berea. Puntutan dezenteko aldea izan zen lehenaren eta beste bosten artean atzo Basaurin jokatu zen lehen finalaurrekoan. Orain, beste bi saioei begira egon behar kalkulagailua eskuan hartuta.

p052_f01.jpg

Amagoia MUJIKA

Txukun eramandako saioa kartzela izugarri batekin amaitu zuen Arkaitz Estiballesek. Eta Bizkaiko finaleko aulki bati bere izena jarri dio; sinadura propio-propioa, bere-berea.

Puntutan koska dezentekoa atera zien beste bostei. Izan ere, ariketa guztietan konplitu zuen, gehienetan nota onarekin, eta, kartzelakoan, bikain potolo batekin. Gaia, hauxe: «Astebete daroazu sofan lo egiten». Estiballesen lehena: «Herriz herri, saioz saio daramat azken bolada/ atzo ere Zallan ginen ni ta Unai Iturriaga/ etxera heldu orduko hirurak baziren jada/ ohera hurbildu eta bi okupa neuzkan hara/ Euri titia xurgatzen, Maindi lo zeharretara/ manta txiki bat hartuta berriro ere sofara/ bertsolari garen aitak horrela ibiltzen gara».

Eta, bigarrena, mundiala: «Telebista piztu nuen loak hartzearren laister/ hogeitamasei kate baina etzegoen ezer/ Canal Bizkaian pornoa, Marcan Nadal ta Federer/ Telecincon astrologak, Teletiendan jes-extender/ azkenean kostatuta loak hartu nuen joder/ sofan nahiko deseroso bihurturik oker-oker/ Iturriagak eman zidan txina txiki bati esker». Eta hirugarrena ere, goitik eraman zuen.

Saioko bigarrena Onintza Enbeita izan zen. Lehen agurra oso hunkituta hasi zuen eta kartzelako lehen alean ere ukituta agertu zen, baina azkenean lortu zuen emozioaren gainetik kantatzea.

Kartzelakoak, oro har, dezenteko jokoa eman zuen, bertsolari bakoitzak punta batetik tira baitzion gaiari. Hauxe, Onintzaren lehen bertsoa: «Gaur urte asko erromerian ezagutu neban bera/ ta urtebetera eskutik heldu ta joan ginen altarera/ dana polita, dana ederra izan zan hortik aurrera/ beragaz pozik joaten nintzen lanera edo kalera/ gaur astebete joan zen zerua deitzen dan leku batera/ ta handik ez da notizi asko etorten hona lurrera/ hementxe nago sofa honetan gaur gabean be atzera/ ezin dot eta bakarrik sartu biona gendun ohera».

Oihana Bartrak, puntutan hirugarrenak, oso saio ona egin zuen. Kartzelakoan, azken ariketako azken kolpean, trabatu egin zen eta disgustu handi samarra hartu zuen. Bere saioa bukatuta kosta egin zitzaion buelta ematea, baina ez zitzaizkion falta izan ez entzuleen beroa ezta bere bertsokideena ere. Bartraren kartzelakoa ederra izan zen. Bikoteak beste neska batekin ligatu zuela aitortu eta gero, honela kantatu zuen bigarrena: «Ta gai honegaz azken gauetan ibili naiz sentibera/ erabaki bat edo bestea ez baita gauza berbera/ baina edozein hartuta ez da trankil geratzen norbera/ emon bigarren aukera/ edo popatik hartzera/ hamaika aldiz etorri jata parkamena eskatzera/ baina ez dakit ja zer aldatu izarak edota bera».

Gorka Lazkanok kartzelakoan azken egunotan denon ahotan dabilen desjabetzeen gaia hartu zuen. Etxerik gabe geratu eta gurasoenera bueltatu behar izan duenaren ahotik jardun zuen, «...etxegabetzearen zai/ hiletan ez nintzen lasai/ aman etxera buetatu nintzen egun triste hartatik ai/ lepoko minak egiten jataz ta buruko minak bebai», bukatu zuen lehena.

Denek eman zuten maila

Orokorrean, Basauriko Artunduaga kiroldegian jokatutako lehen finalaurrekoa maila onekoa izan zen. Bostehun lagunetik gora bildu ziren saiora eta giro beroa izan zen. Bertsolariak giroaren mailan egon ziren eta saio atsegina josi zuten denen artean.

Eneko Abasolok gauza politak utzi zituen bidean. Esaterako, Estiballesekin osatutako zortziko txikiko ariketa polito joan zen. Iñaki Iturriotzek ere utzi zituen ale txukunak, ariketa batzuetan nahastuxeago ibili bazen ere.

Bizkaikoa azken txanpan sartua da dagoeneko. Datorren asteburuan Durangon jokatuko da bigarren finalaurrekoa. Bertan arituko dira: Arrate Illaro, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Gorka Ostolaza, Igor Elortza eta Jone Uria.

 

Puntuazioa

Arkaitz Estiballes 596

Onintza Enbeita 523

Oihana Bartra 509

Eneko Abasolo 489,5

Gorka Lazkano 469

Iñaki Iturriotz 448

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo