GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Garbiñe Petriati Ijurra Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria

«Irati, Hodei eta Josu primerakoak dira, ez dute bigarren mailakoak izan behar»

Nafarroan legea bera da eskubide berdintasuna urratzen duena. Herritarrei, bizi diren tokiaren arabera aitortzen baitzaizkie eskubideak

Horixe zioen Nafarroako «eremu ez-euskalduna» deiturikoan bizitzeagatik semea bere herrian D ereduan matrikulatu ezin izan zuen guraso batek. Eta ez zitzaion arrazoirik falta. Nafarroan lehen eta bigarren mailako herritarrak egiten dituen legea baitago indarrean: Vascuencearen Legea.

Nafarroako hegoaldeko herritarrek urteak daramatzate beren seme-alabek D ereduan ikas dezaten lege horrek ezartzen dizkien trabak gainditzen, astero ehunka kilometro egiten, Euskararen Legeak bizi diren herriak eremu «ez-euskaldunean» kokatu dituelako. Urtero milaka kilometro euren seme-alabek hizkuntza bat ez, bi ikas ditzaten. Gaztelania eta Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ere ikastea nahi dutelako. Baina legeak ez die horretarako eskubidea aitortzen.

Seme-alabek egunero errepidean ibili behar izateak kezka nabarmena sortzen die. Beti eguraldiari begira, eta istripu arriskuak gogoan. Bidaia horiek suposatzen dien gehiegizko gastua ahaztu gabe.

Azaroaren 20an Haurren Eskubideen Eguna ospatzen da. 1989ko azaroaren 20an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Umeen Eskubideei Buruzko Hitzarmenaren testua onartu zuen. Gaur egun, Eskubideen Nazioarteko Trataturik berretsiena da munduan, pare bat herrialde baino ez baitira geratzen hori berresteko.

Hitzarmen horren 30. artikuluak dioenez, «Gutxiengo etnikoak, erlijiosoak eta linguistikoak edo indigena-jatorrizko pertsonak dauden estatuetan, gutxiengo horietako haurrei edo haur indigenei ez zaie ukatuko dagokien eskubidea, euren taldeko gainerako kideekin batera, euren kultura-bizitza izateko, euren erlijioa izan eta praktikatzeko, edo euren hizkuntza erabiltzeko».

Hitzarmenak, derrigorrezko izaera du estatuetan, eta betetzera ere behartuta daude. Izan ere, hori berretsi duten gobernuek euren lege, politika eta praktikak hitzarmeneko arauen arabera aplikatu behar dituzte, arau horiek egia bihurtu behar dituzte eta eskubide horiek betearaztea oztopatu edo baliogabetu dezakeen neurririk ezin dute hartu. Alegia, estatu batek hitzarmena sinatzen badu, betetzera ere behartuta dago.

Baina, Nafarroan legea bera da eskubide berdintasuna urratzen duena. Herritarrei, bizi diren tokiaren arabera aitortzen baitzaizkio eskubideak. Horrela, Nafarroa Garaiko zonalde zabalean, «ez-euskalduna» deiturikoan, haurren eskubideak urratu egiten dira. Euskaraz ikasteko duten eskubidea ukatu egiten zaie. Nafarroako Gobernuaren arabera, ez baitago herritarren eskariari harrera egiteko betebeharrik. Ondorioz, eremu horretako gurasoek seme-alabak «eremu mistoa» deituriko zonaldetako eskola publikoetara edo herri ekimeneko ikastoletara eraman behar dituzte, haientzako euskarazko hezkuntza nahi badute.

Nazioarteko hainbat legek gutxiengo linguistikoei beren hizkuntzan ikasteko eskubidea aitortzen diete eta Nafarroan, berriz, eskubide hori ukatu egiten da. Nafarroako familia hauek egoera onartezina jasaten ari dira; eskubide urraketa sistematikoa da. Gobernuari dagokio, beste arloetan bezalaxe, irakaskuntzan nafar herritarren eskubideak bermatzea. Vascuencearen Legeak eta Gobernuak ukatzen dutena nafar herritarrak ari dira aldarrikatzen, euskaraz bizi nahi dut esaten. Irtenbidea exijitzen dute.

Guraso eta familia hauek bizi duten egoera eta erakusten duten adorea eta duintasuna ezagutu nahi badituzu http://vimeopro.com/duintasun/bideak atarira jo. Ondotik duintasunbideak@behatokia.org helbidera helaraz diezaiekezu zure iritzia, ekarpena edota elkartasuna. Eta, familia hauek bezalaxe, oztoporik gabe euskaraz lasai jarduteko eskubidea agertu nahi baduzu eta euskaraz bizi nahia adierazi nahi baduzu, abenduaren 1ean, Donostian duzu hitzordua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo