GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nazioarteko eragileen iritzia agerian utziko du Powellek gaurko Aieteko bilkuran

Aieteko Adierazpenetik hamahiru hilabete pasa direnean, ekimenaren bultzatzailerik nagusienetakoa izan zen Jonathan Powellek euskal eragileak bilduko ditu gaur, Aieten berriz ere, prozesuaren inguruko hausnarketa egiteko. PSE ez da joango eta EAJk garrantzia kendu nahi dio bilerari.

p013_f02_14024.jpg

R.S. | DONOSTIA

Aiete izango da gaur berriz ere arreta gune nagusia, 10.00etan Euskal Herriko eragile ugari bertara deitu baititu Jonathan Powellek, prozesuak bizi duen unearen inguruan nazioarteko komunitateak duen iritzia jakinarazteko. Bilerak pribatua izan behar zuen, baina ostegunetik izandako filtrazioek baldintzatu egin dute. Hori dela eta, azkenean ordezkari ezberdinak heltzen diren uneko irudiak hartzeko aukera eman zaie hedabideei, eta bilkura bukatu ondoren laburpentxo bat egingo omen du Tony Blairren kabinete buru izandakoak.

Zalantzaz beteriko momentuan egingo da bilera, eta ikusteko dago zein den Powellen mezua, bai eta Aieten nortzuk elkartzen diren ere. Duela urtebete Aieten egon zen PSEko ordezkaritza, esaterako, ez da orain bertaratuko, Rodolfo Aresek jakinarazi duenez. PPk ere ez du parte hartuko, baina honetan ez dago berririk, iazko adierazpen historikoari ere bizkarra eman ziolako.

Are bitxiagoa da EAJ bera ere bilerarekiko markatzen ari den aldea. Horren erakusle, oso ordezkaritza eskasa bidaliko du (Joseba Aurrekoetxea EBBko kidea eta Txaro Goikolea Ipar Buru Batzarreko presidentea), Gasteizko Legebiltzarra gaur bertan osatzen dela argudiatuta. Baina ekimenarekin ere ez daudela gustura ari dira agerian uzten jeltzaleak. Orain alderdiko eledun lanetan ari den Koldo Mediavillak ziurtatu duenez, bere garaian garrantzia izan zuen Aieteko taldearen ahaleginak, baina egoera politikoa «normaldu» den neurrian jeltzaleek egokiago ikusten dute prozesu honen guztiaren egoitza nagusia Gasteizko Legebiltzarra izatea. EAJk gaurtik bertatik zuzenduko duen legebiltzarra, alegia.

Inplikazio handiagoa agertaraziko du ezker abertzaleak, eta bere ordezkaritzak islatuko du. Duela urtebete Aieteko Nazioarteko Konferentzian izan ziren Rufi Etxeberria eta Anita Lopepe bertaratuko dira gaurkoan ere, eta horiekin batera Pernando Barrena.

Martxoko aurrekaria

PSEk eta EAJk, beraz, ez dute bilera lagundu, ahuldu baizik. Baina 2011ko urriko egun erabakigarri haietatik hamahiru hilabete igarota, bistan da Aieteko Adierazpeneko lehen puntua baino ez dela bete: ETAri zegokiona. Adierazpenetik hiru egunera jakinarazi zuen erakundeak borroka armatua behin betiko amaitutzat ematen zutela. Adierazpenaren bigarren puntuan estatuei erantzun positiboa ematea eta elkarrizketak abiatzea eskatu zien Kofi Annan buru zuen taldeak, baina ezetz borobila ematen ari dira bai Madril bai eta Paris ere. Edozer aldatzeko, ETAk bere burua desegin behar duela argudiatzen dute.

Pasan den martxoaren 30an, ordurako bi estatuen jarrera agerikoa zelarik, horri buruz mintzatu zen Powell Bruselan egindako hitzaldi batean. «Erakunde armatu baten desegitea nahi bada, aurrera egin nahi bada, inplikazioa behar da, konpromisoa, elkarrizketa -adierazi zuen Tony Blairren kabinete buru ohiak-. Hauxe da Irlandan ikasi genuena».

«Bakea ez da bat-bateko gertaera bat, prozesu bat baizik -erantsi zuen Powellek Europako Legebiltzarrean egindako ekitaldi honetan-. Prozesurik ez bada, hutsune bat sortzen da eta hutsune hori indarkeriaz betetzen da. Konponbidea lortzeko prozesu bat behar da, beraz. Ezin da akordio batera heldu prozesurik ez bada».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo