GARA > Idatzia > Kultura

Autobiografiak eta euskal harria, erlauntzeko azken «Erleak»

Autobiografiak eta euskal harria ardatz dituen seigarren «Erleak» aldizkaria aurkeztu zuen atzo Euskaltzaindiak. Gai horien gainean 24 idazlek idatzi dute. Elkarrizketa, berriz, objektu bidez egin diote Xabier Kintana euskaltzainari. Zenbaki «berezia» egiten saiatu direla esan dute.
p047_f01.jpg

Araitz MUGURUZA | DONOSTIA

Erlauntzera doan seigarren erleetako bat aurkeztu zuten atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Autobiografiak eta harria dira Bernardo Atxagak zuzentzen duen «Erleak» literatur aldizkariko gai nagusiak. Atxagak prentsaurrekoan esan duenez, «ustegabeko» loturekin osatuta dago aldizkaria, eta hori da azken zenbakia «berezi» egiten duena.

Irakurleen bizitza puskez osatuta dago Euskaltzaindiak argitaratzen duen aldizkariaren ataletako bat. Atxagak aitortu du geroz eta «behar gehiago» duela autobiografiak irakurtzeko, eta horregatik heldu diola: «Geroz eta poesia handiagoa aurkitzen diot». Irati Elorrietak, Ramon Etxezarretak eta Andoni Garikanok idatzitakoak aipatu zituen.

Harriari dagokionez, estereotipoak hausten saiatu dela adierazi zuen. «Harriaren inguruan normalean modu folklorikoan egiten da; askotan ematen du, gainera, munduko beste parte batekoa dela. Uste dut hemen ateratzen diren gauzek aurkakoa erakusten dutela», gaineratu zuen.

Jorge Luis Borgesen kaseteak

Albiste batekin, literatur aldizkari baten aurkezpenean oso ohikoa ez den eran hasi zuen hizketaldia Bernardo Atxaga idazle eta «Erleak» aldizkariko zuzendariak: Jorge Luis Borges idazle argentinarrak emandako bospasei hitzaldiren audioak eman zizkiotela esan zuen. Hain zuzen, inoiz argitaratu gabeko lau kasete horien berriak ematen dio hasiera aldizkariari.

Antza duela hamar urte iritsi ziren audioak Atxagaren eskuetara, urte luzeetan, hala ere, alboratuta izan zituela zehaztu du, eta orain berriz heldu diela. Balio sinboliko handia dutela dio: «Euskal literaturarekiko gutxiespen moduko bat beti izan da, eta gutxiespen horietako antipodetan Borges zegoen. Nik hala gogoratzen dut nire biografian, gure kontrafigura zen». Eskuetan dutenarekin zerbait egitekotan direla diote.

Ibañezen harria

«Nork esango ote luke jasotzeko harriaren inguruan Paco Ibañez erdaraz poesiaren alde gehien egin duena dela harria jasotzen ari dena?», galdetu zuen Atxagak aurkezpenean aldizkariko argazki bati erreferentzia eginez.

FERMIN EGUREN

Borgesek ipuin baterako asmatu zuen Fermin Eguren. Haren bidez esan zuen, euskaldunak behiak jetzi «bakarrik» egiten zuela. Sarrionandiak gero, modu ironikoan, ezizen literario bezala erabili izan du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo