GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nahi izanez gero, edozer aldatzeko gai direla ikusi dute GazteEkin ekimenean

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak urriko topaketen eta joan den asteburuko kongresuaren hagitz balorazio ona egin du. 110 lagunek parte hartu dute GazteEkin ekimenean, eta prozesuarekin jarraituko dute.
p018_f01.jpg

GARA | GERNIKA

«Ez dago ezer gure kontroletik kanpo. Gai gara nahi izanez gero edozer aldatzeko». Ondorio hori atera zuten asteburuan Gernikako Astra sormen fabrikan egindako GazteEkin kongresuan. Bertan, 65 bat lagun bildu ziren. Eta urrian zehar Donostian, Gasteizen eta Bilbon egindako topaketetan, aldiz, dozena bat pertsona gai bakoitzeko. Sexualitatea, hezkuntza formala, kultura, etxebizitza, enplegua, bakea, aisialdia, hirigintza eta osasuna izan dira topaketetan landutako arloak.

Guztira, hortaz, 110 lagun aritu dira Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak antolatutako ekimenean, eta kideak kontent dira zifra horrekin, nahiz eta «jende askoz gehiagok» parte hartzen ahal zuen. Horregatik, proiektua hiriguneetatik eskualdeetara zabaltzeko ideia dute.

Helburu garbi bat zuen GazteEkin ekimenak: gazteen ahotsa kontuan izatea erabaki politikoetan. Eta hiru protagonista: 16 eta 35 urte arteko pertsonak; kolektiboetan eta mugimendu sozialetan parte hartzen duten gazteak; eta administrazioko teknikariak eta politikariak. Azken horiei buruz, kritika bat egin zuten, ez baitira gehiegi izan ekimenean.

Parte hartzeko zer oztopo dauden aztertu, eta trabarik handiena gazteen ohiturak eta inertziak direla ikusi dute. Testuinguruak ere eragina du, eta legeek. Gometxekin bozketa egin zuten kongresuan jendeak lehentasuna zein oztopori ematen zion jakiteko, eta honakoa izan zen emaitza: aurreneko lekuan, administrazioek parte hartzeko bideak irekitzeari dioten beldurra. Gero, gazteak entzunak ez izateagatik sentitzen duten nekea. Hirugarren postuan, hezkuntza demokratiko falta. Eta azkenik, eragile sozialei baino kasu gehiago egitea ekimen pribatuei.

Oztopoak nola gainditu

Euskadiko Gazteriaren Kontseilukoek azaldu zutenez, gaikako lanketa hagitz baikorra izan da eta jendeak gai orokorretan baino gehiago interesatzen zaion kontu zehatzetan parte hartzen duela erakutsi die.

Hezkuntza demokratikoa lortzeko, eskolara eta unibertsitatera nola heldu hausnartu dute, baita aisialdi eremura eta kalera ere, lokaletara bertzeak bertze. Ekimen pribatuaren oztopoari buelta emateko, ikuspuntu baikorra izan eta haiekin aliantzak lortzeko ideia aipatu dute. Eta entzunak ez direlako gazteek izaten duten nekea gainditzeko, sormena landuz kalean kanpainak egitea planteatu.

Egiten duten lana sarritan sobera ezaguna ez den arren, kontseiluak edozein parte hartze prozesu dinamizatzeko egokiak izan daitezkeela ere jarri dute mahai gainean.

NAFARROA

Nafarroako Gaztedia Kontseiluko hamar lagunek kongresuan parte hartu dutela nabarmendu dute puntu positibo gisa. Aurrerantzean, sarean elkarrekin proiektuak egiteko asmoa dutela erran dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo