GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Miguel Angel Idigorasek ETBko zuzendari kargua utzi du, TVEra itzultzeko

Idigorasek hogei urte egin zituen TVEn, 1989. urtetik 2009ra. Alberto Suriok aukeratuta hartu zuen ETBko zuzendari kargua 2009ko udan. TVEko Londresko berriemailea zen garai hartan.

p053_f02_98x73.jpg

GARA | BILBO

Atzoko EITBko administrazio kontseiluko bileran Alberto Surio zuzendari nagusiak jakinara- zi zuen Miguel Angel Idigorasek (Donostia, 1959) ETBko zuzendaritza utzi duela. EITBko zuzendaritza aldaketa egin aurretik Idigorasek TVEra itzultzea erabaki du.

Karguan hiru urte eta erdi egin ostean, Miguel Angel Idigorasek amaitu du ETBn bere aroa. Epe horretan une gogorrak bizi izan dira zuzendaritzaren eta langileen artean. 2010eko azaroan Idigorasek «El Correo» egunkariari langileen aurkako adierazpenak egin zizkion: «Zuzendaritza honek ezin du izan `ez erasotzeko itunik' ETB barruko mundu erradikalarekin. Barruan daudenak ezker abertzalekoak dira, baina badaude EAJko sektore `erradikalak' kanpoan laguntzen ETB sutan jartzeko». ETBko bi kazetarik espediente mehatxua jaso zuten sasoi berean eta Langile Batzordeak mehatxu horren aurkako komunikatuan honakoa adierazi zuen: «Salatu nahi dugu ETBko zuzendariak izan duen jarrera autoritario eta neurrigabea. Azken gertaera ez da salbuespena izan eta». ETBko albistegietako Politika arloko buru Juan Carlos Viloria hautatu izanak ere eman zuen zeresana udazken hartan.

2009an ETB1eko batez besteko ikusle kuota %3koa izan zen. Aurten, berriz, %2,1eko batez besteko kuota du euskarazko kateak (urrian %1,8). ETB2ko batez besteko kuota 2009an %13,4koa izan zen. Aurten gaztelaniazko katea %10en bueltan dabil.

Idigoras 1982. urtetik ari da kazetari lanetan. UPV/EHUn egin zituen kazetaritza ikasketak, eta Efe agentzian hasi zen kolaboratzen. Herri Irratian epe labur batez aritu ostean, 1983an «El Diario Vasco» egunkarian hasi zen lanean. 1989an pasa zen TVEra, Donostiako berriemaile gisa. 2001. urtean Rabatera joan zen, Marokoko berriemaile lanak betetzeko. Handik Mendebaldeko Sahara, Aljeria, Mauritania eta Senegalera joan zen hainbatetan, berriemaile berezi gisa. 2007tik 2009ra, berriz, TVEko Londresko berriemaile lanak bete zituen. Montecarloko Telebista Jaialdian finalista izan zen, «Subsaharianos en el desierto» dokumentalarekin.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo