Errepresaliatuen literatura lanak kaleratu berri ditu Ataramiñek
Ataramiñek, aldizkaria ez ezik, Xabier Makazagaren eleberria, Oier Goitiaren olerki-liburua eta marrazki liburu bat ere argitaratu ditu aurten. Aldizkariaren arduradunek «idazteagatik» preso dauden «Egin»-eko kazetariak eta langileak askatzeko eskatu zuten.
Alvaro HILARIO | BILBO
Kalean daude dagoeneko Ataramiñeren (Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak) azken nobedadeak: 2012ko «Ataramiñe» aldizkaria, Xabier Makazagaren «Sasian barna» eleberria, Oier Goitiaren «Fakun xokona» olerki liburua eta Iker Moreno eta Mikel Albisuren «Kandela bat pizteko behar dena».
Mitxel Sarasketa, Maku Basabe, Oier Gonzalez eta Aitor Llorente egon ziren Zazpi Kaleetako Kalderapeko kulturgunean emandako prentsaurrekoan, baita Bruselan errefuxiatuta dagoen Xabier Makazaga ere (Skype bidez). Argitalpenak aurkeztu aurretik, «idazteagatik» preso dauden «Egin»-eko kazetariak eta kudeatzaileak askatzeko eskatu zuten «Ataramiñe»-ko arduradunek, joan den azaroaren 25ean, Idazle Presoen Nazioarteko Egunean, egin zuten bezala.
Gogoan izan zuten ere duela bi urte zendu zen Jon Etxeandia, «Ataramiñe» proiektuaren sortzaileetako bat izan zena.
Errepresaliatuak
Hogeita bat dira aldizkariaren azken alean parte hartu duten euskal errepresaliatuak; besteren artean, «Egin»-eko kazetari Fernando Alonso eta Teresa Toda, Mikel Albisu, Joseba Sarrionandia eta atzoko ekitaldian izan zen Aitor Llorenteren lanak batu dituzte.
Presoen egoeraren berri izateko «ezinbesteko erreferentzia» den aldizkariak mota askotako generoak dakartza, hala nola, ipuinak, antzerki-lanak edota olerkiak; marrazkiak ere «oso garrantzitsuak» direla nabarmendu zuen Sarasketak.
Mikel Albisuk editatu du Oier Goitiaren «Fakin Xokona» olerki-liburua: «Oinordetzan utzi zizkidan gauzen artean baliotsuenak, arratsalde askotako une zoriontsuak ekarri dizkidanak, aspaldian ez bezala hitzekin jolasteko aukera eman baitzidaten, bidaiatzeko proposamenak, amets egiteko», dio Albisuk liburuaren hitzaurrean.
«Sasian barna»
Bruselatik mintzo zen klandestinitatearen testigantza ematen duen lana idatzi duen Xabier Makazagak, «Sasian barna» eleberria. Esan zuen, besteak beste, estatu terrorismoak ardatz izan duen torturaren gaineko liburua prestatzen ari dela.
Atzo aurkeztutako hirugarren liburuak, «Kandela bat pizteko behar dena», Mikel Albisuren testuak eta Iker Morenoren ilustrazioak dakartza.
Aurreko urteotan bezala, saltokia izango du «Ataramiñe»k Durangoko Azokan. Nobedadeak abenduaren 7an aurkeztuko dituzte Ahotsenea gunean.