GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

MANIFESTAZIO JENDETSUENA

Hil ala biziko arazoa

Xabier IZAGA

Arazo bat dugu Kantauri alde honetan, lagunok. Egunkari honetako kronika irakurri baduzue, ezer gutxi esan diezazueket nik. Nekez mintza naiteke atzo, ministro batek debekatu nahi zuen arratsaldean, Bilbon gertatutakoaz. Izan ere, nola azaldu ama baten aurpegiera triste eta distiratsua edo haur baten begirada borobila? Nola aita baten irribarre nekatua edo ikusi ez genituen milaka lagunen besarkada? Ezin dizuet kontatu zuen senideengandik, behingoz bidaia laburra egin ostean, atzo jaso genuen babesa.

Baina gutuntxo honen xedea ez da beren sufrimendua mehetzeko inoren sufrimendua behar dutenek ezkutuan nahi duten elkartasun eztandaren kronika egitea, Europako baztertxo honetan arazo handia dugula jakinaraztea baizik. Hil ala biziko arazoa. Atzo Bilbon sentsazio itogarria sumatu nuen. Gero, zuetaz hitz egin genuen. Sarri askotan bezala, gauza garrantzitsuez ari garenean, proiektu handi eta zailak hizpide ditugunean bezala.

Gainerantzean, hemen betiko moduan gabiltza, garai honetan pixka bat marrantatuta eta bizkarra makurxeago; egia esateko, atzo, amen aurpegiera distiratsuak, haurren begirada borobilak eta aiten irribarreak ikusita, inoiz baino tenteago nenbilela konturatu nintzen arren. Hala ere, sentsazio itogarria sumatu nuen, eta arazo larria dugula ohartu nintzen. Proiektu handi eta zailak ditugu, esate baterako, herri bat eraikitzea. Handi eta zailak baina zuek gabe ezinezkoak.

Uste nuen baino arazo handiagoa dugu. Eta ez dut uste azpiegitura kontua denik -Bilbo txiki geratu zaigu-. Kontua da zuen absentzia egunean baino egunean larriagoa dela. Dagoeneko hain da handia ezen etxean, kalean, aurki mendian ere, kabitu ezinik gabiltzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo