GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

ARGIA. Xabier Letona

Armak, desegitea...

Urtarrilaren 12a iragan da eta ikusi, entzun eta irakurritakoen ondoren, komeni da ondorio batzuk ateratzea. Hona hiru:

1) Presoen egoera konpontzen has dadin, mobilizazio erraldoiak egitea ezinbestekoa da. Euskal gizartean gaiarekiko sentiberatasun handia dagoela erakusteaz gain, konpontzeko dagoen arazo larri bat indarrez azaleratzen dute.

Urkullu lehendakariak espetxe politikan aldaketak eskatuko dizkio Mariano Rajoyri. Begiruneaz ere mintzatu da lehendakaria, baina azpimarratzea manifestazioan 100.000 herritar egon zirela eta ez 3.000.000 -denei errespetua diela esateko bada ere- ez da begirune erakusle txukunena. PPk ere, esaterako, hori bera azpimarratu zuen iazko Diadako milioi eta erdi pertsonari buruzko manifestazioaz, milioi gehiago geratu zirela etxean.

2) Presoena bake prozesuaren testuinguruan konpondu behar da eta, ika-miken gainetik, EAJk eta EH Bilduk gutxieneko akordio batera heldu behar dute gai honetan. Edo EH Bilduk eta PSEk lortu behar ote dute lehenik? Loiolako mahaiari kea zerionetik ere ez da hainbeste pasa. Azaldu liteke zer aldatu den hainbeste ordutik hona elkarrizketa gunerik -berdin da non- errepika ez dadin? Gerrarik bortitzenetan etsai gisa aritutakoek akordioetara iristeko gai badira, nola ez da posible izango hemen ere gauza bera lortzea? Ezin da ahanzturarik egon, ezta mendekurik ere, baina bi kontzeptuon artean bada negoziaziorako tarterik. (...)

3) ETA ez da arazorik handiena gaur egun, baina bai ikusgarriena eta erabilgarriena, manipulagarriena: «ETA desagertu arte ez da mugimendurik emango» leloa da horren lekuko adierazgarriena. «Eta bestela ere ez», gaineratu du Alberto Ruiz-Gallardon PPko Justizia ministroak, baina hori ez da hain sinesgarria. (...)

Alde bakarreko pausuen bidez, errealitateari egokitzeko duen ahalmena argi erakutsi du ezker abertzaleak. Horiek izan daitezke ETAren azken kartutxo sendoenak, hobe berandu baino lehen erabiltzea. Nekez pasatuko da beste urtebete berdin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo