Gerry Adamsek Irlandaren bat egiteari buruzko erreferenduma eskatu du
GARA |
Gerry Adams Sinn Fein alderdiko buruak Irlandaren bat egiteari buruzko erreferenduma egiteko eskatu du, krisi larriak astindu duen uharteko ekonomiarentzat oso mesedegarria izango litzatekeelakoan.
RTE Irlandako telebista kate publikoak jakitera eman duenez, Gerry Adamsek gogorarazi zuen berak proposatutako herri kontsulta hori baimendu egiten duela 1998an sinatutako Ostiral Santuko bake akordioak.
Irlandako errepublikanoen buruak uste du uharteko iparraldeko Parlamentuaren -Ipar Irlandako Batzarraren- hurrengo agintaldian deitu beharko litzatekeela erreferenduma, gaur egungo baldintzak ezin egokiagoak direlako.
Sinn Fein alderdiak Dublin Irlandako hiriburuan egin duen konferentzia batean jakitera eman du bere proposamena Adamsek. Bertan adierazi du Irlandak bat eginez gero, egungo zatiketa atzean utzita, bertako ekonomiak gora egingo lukeela, eta inbertsioak, lanpostuak eta oparotasuna erakarriko lituzkeela. Gerry Adamsek gogorarazi zuen uharteko iparraldearen paisaia politikoa eta demografikoa erabat aldatu direla azken urteotan, eta gaur egun Britainia Handian jarraitzearen aldekoak herritarren %40 baino ez direla. «Zentzuzkoa da Irlandaren bat egitea eskatzea. Zentzua du politikoki zein ekonomikoki. Uharteotan bizi diren herritarrei interesatzen zaie Irlandak bat egitea. Bat egindako Irlanda guztiontzat litzateke onuragarri. Bat eginda, indartsuago gara», Adamsen arabera.
Atzo Adamsek egindako eskariarekin hasiera eman zaio Sinn Feinek hurrengo hilabeteetan egingo duen erreferendumaren aldeko kanpainari. Unionistek britainiar banderaren alde egin dituzten istiluen ostean iritsi da.