GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Harea mugikorrak

Begietan erreken ur-maila, belarrietan urruneko danbor-hotsak, behatzetan mina, halaxe pasatu dut astea. Hegoalde Hurbilekoa gertatu arte, gerora hori ere gehitu baita nire asteko zerrendara. Bai, badirudi hareatza haietan izan berria korapilatu egin zaiola gobernuren bati, ezustean edo, han bertan betidanik bizi diren tuaregei egoera aspaldian korapilatu bazitzaien, bazieten ere; gutxienez, Paris-Dakarra hango eremu latzak, baina bizidunak, zeharkatzen hasi zenetik. Baina halakoak gertatu ohi dira han-hemenka hari solte batzuei tiraka hasi eta matazaren muina agerian geratzen hasten denean; kasu honetan, hariak nork bereak, jakina, baina mataza bakarra. Hortaz, harea mugikorretan sartu dira batzuk, eta dagoeneko eskuak eskatzen dira hasiak, kakodunak badira ere. Ama, ama! jakingo balu goiko hareak azpian zer ezkutatzen duen! Neokolonialismoa, diote batzuek, neo hori betikoa betikotzen segitzeko gaur erabiltzen den diplomafia izendatzeko erabiltzen dutela, sozialismoaren izenean bada ere. Total, hango gas ustiategian izan berri denak hainbat ikasgai eskaini digu. Batetik, jihadisten artean ere izan badirela zatiketak; ez dela, beraz, ezker batuaren arazo bakarra. Bestetik, Algeriako Gobernuak ere jakin badakiela diskrezioz aritzen; hortaz, diskrezioaren indarrez hartu nahi izan zuen ustiategia, gasarena dela esateak ez dut uste aparteko ezer argitzen duenik, eta ustez di-da batean egiteko zena azkenean dinbi-danba luze bihurtu zen, tiroen hotsa eta leherketen dunbada tarteko, hamaika gorputz hilotz utzita. Hori bai, ustiategia mendean hartu ez.

Izan bada beste ikasgai bat. Zenbat jendek ez ote du honezkero mapamundia mahaiaren gainean zabaldu, zer-non dagoen jakin minean? Ez, Bilboko mapamundia ez, bestea, txikia, gainerako mundua jasotzen duena; bai, horixe. Eta orduan konturatuko zen muga batzuk susmagarriak direla oso; erregelaz eta kartaboiz di-da batean eginda, urruneko bilera baten ostean, seguruenik. Arauak geroago aginduko ziren, erregelek berena egin eta gero. Ondorioz, tuaregak aitaren batean hainbat naziotako hareatzatan zeuden, jakin gabe, ez eurek ez hareek ere; litekeena da aitak berak ere ez jakitea!, diskrezioz beti ere. Hori bai, gobernu propiorik ez, tuaregek. Muga faltsuak gero, alferrikakoak, dunak mugikorrak baitira, dunetan jaioak ez direnentzat behintzat!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo