GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOEN ALDEKO BORROKA

Ezkutuan zeuden gazteak atxilotu dituzte, elkartasun olatuaren baitan

Arkaitz Anza, Xabier Lujanbio eta Maitane Linazasoro, ezkutuan ziren hiru gazte errenteriarrak, atxilotuak izan ziren atzo, Eleak mugimenduak antolatutako manifestazioan agertu eta gero. Ekitaldia bukatu eta gero atzemango ez zituztela ikusita, hiru kideak, ehunka gazteren laguntzaz, Maria Cristina hotelean kateatu ziren, eta elkartasun olatu erraldoi baten artean azkenik atxilotuak izan ziren.

p006_f04_69357.jpg

Mikel PASTOR | DONOSTIA

Euskal gizarteak daukan elkartasunerako ahalmen erraldoia agerian geratu zen atzo, Donostian, ezkutuan zeuden Errenteriako hiru gazteak atxilotu zituzten egunean. Aurpegia eman eta Eleak-ek deitutako manifestaziora gehitu zirenetik, zenbait ordu beranduago beltzez jantzitako gizonek Ertzaintzaren autora sartu zituzten arte, Maitane Linazasorok, Arkaitz Anzak eta Xabier Lujanbiok senide, lagun, eta ehunka eta ehunka norbanakoren babesa eta maitasuna jaso zuten une oro. Atxilotuak bai, baina ez bakarrik, elkartasun uholdearen barruan baizik.

Eguraldia alde, hamabi eta erdietarako minutu batzuk falta zirela, Bulebarra leporaino beteta zegoen. Euskal Herriko toki guztietatik etorritako ehunka gazte bildu ziren bertan, urduritasuna ere nabari zelarik beraien arteko hitzetan, gertatuko zenaren esperoan. Horien artean zeuden, sumario berean auzipetutako Aitor Franco, eta epaiketan aske geratutako Iosu Arruabarrena. Biak ezkutuan ziren gazteen lagun eta kideak.

Elkartasunaren ikur diren bi matriuska handiak martxa zabaltzen zutelarik, hiru bat mila pertsonak Donostiako kaleak zeharkatu zituzten, «Euskal gazteria, aurrera!», «Ez gaituzue, geldituko!», «Utzi bakean euskal gazteria» edota «Hau al da zuen bakea?» oihuen artean.

Manifestazioa Bulebarrera itzultzen ari zenean, ezusteko polita hartu zuten pankarta zeramaten kideek. Ezkutuan zeuden hiru gazteek aurpegia eman eta manifestazioarekin bat egin zuten, naturaltasun osoz.

Erreakzioa berehalakoa izan zen. Besarkadak, muxuak, hitz goxoak... Maitasun txorrota jaso zuten segundo gutxian protagonistek. Nabarmen hunkituta, Linazasoro, Anza eta Lujanbio Bulebarreko kioskora igo ziren, eta han bildutako guztien txalo eta maitasun zaparrada jaso zuten.

Bertaratutakoei eskerrak eman, eta lanean jarraitzeko animoa bidali zien Linazasorok, «hori baita egin ahal diguzuen omenaldirik onena». Ondoren, bere bi lagunekin batera udaletxe parera gerturatu zen, han atxilotuak izateko.

Denen ezusterako, goizeko beste «protagonistak» ez ziren agertu, surrealismo egoera bati paso emanez: bilatuak dauden zenbait kide atxiloketaren zain, eta polizia kideak agertu ez.

Honela igaro ziren zenbait minutu. Bildutakoen aurpegiak ezustea erakusten zuen. Ezin zuten sinetsi. Denen harridurarako, Txerra Bolinagak, auzipetuen izenean, ekimena bukatu- tzat eman zuen, lortutako «elkartasun harresia» azpimarratuz. Azalpen handirik gabe, protagonistak, ehunka lagunekin batera, Donostiako Parte Zaharreko kaleetan murgildu ziren.

Maria Cristinan kateatuak

Beste ordu erdi eman zuten gazteek Ikatz kalean, tragoa eskuan, lagunekin eta kideekin zer egin adosten zuten bitartean. Giroa nahasia zen. Manifestazioan bildutako askok euren autoa hartu eta etxeranzko bidea hartu zuten. Kazetari eta kamera gehienak ere, Bulebarreko irudiak hartuta, aspaldi alde eginda zeuden.

Halako batean, eta inolako abisurik eman gabe, marea mugitzen hasi zen. Goizeko bigarren manifestazioa balitz bezala. Espontaneoa, momentukoa. Alde Zaharra igarotzen zuen bitartean, norbanakoak batzen joan ziren. Gehienak, txundituta, jende andanara gehitzen ziren, zergatik edo nora zihoan galdetu gabe.

Erantzuna laster izan genuen: Maria Cristina hotela. Bartzelona futbol taldeak, Realaren kontra jokatu aurretik ostatu hartzen zuen hotela, hain zuzen. Helburua garbia zen: atxiloketa behartu, eta bide batez, elkartasunaren olatua, eta zergatik ez esan, argazkia, gizarte osoari helarazi.

Ekimenaren arrakasta ziurtatzeko, hiru gazteak Maria Cristinako barra batzuetara kateatu ziren. Haien inguruan, ehunka gazte, errepresioaren kontrako eta gazte mugimenduaren aldeko oihuak botaz.

Estanpa benetan bitxia zen. Alde batetik, kateatutako gazteak, babesa adierazten zieten kide guztiekin batera. Gertu, Bartzelonako izarrak ikustera gerturatutakoak, haien artean, atzerritar ugari. Batek baino gehiagok, harriduraz, zer gertatzen ari zen galdetzen zuen. «Politika egiteagatik atxilotu egingo dituztela», erantzun zion adineko emakume batek. Eta tartean, hoteleko arduradunak, urduri, presaka, Ertzaintzari deituz, beste gauza guztien gainetik hotelaren irudia zaindu nahian.

Elkartasun argazkia ukatzera

Poliziako kideak, halere, ez ziren berehala agertu. Berrogei minutu pasa ziren kateatu ziren momentutik Ertzaintzaren lehendabiziko furgoneten sirenak entzun arte.

Beltzen agerpenak manifestarien indarrak bikoiztu egin zituen. Oihuak biderkatu egin ziren berehala, bai indarrean zein frekuentzian. Mezua ere zehatza, argia, zen: «Ez gaituzue geldituko!».

Giro horretan, kasko gorriak kateak moztera abiatu ziren. Aldarte deserosoan egin zuten, keinu txarrez. Elkartasunaren irudia, argazkia, ukatzen saiatu ziren goiz osoan zehar, baina azkenean amore eman eta kide guztien aurrean eraman behar izan zituzten Anza, Linazasoro eta Lujanbio.

Ez ziren bakarrik joan, halere. Haiekin, gazteriaren duintasuna, maitasuna eta elkartasuna eraman zuten. Iluntasunean agertzen den argi izpi apurra bereganatu zuten, «Lepoan hartu ta segi aurrera!» abestian laburtua.

kateatuta

Manifestazioan agertu eta gero atxilotuak izango ez zirela ikusita, Errenteriako hiru gazteek Maria Cristina hotelera kateatzea erabaki zuten, honela atxiloketa behartuz. Haiekin ehunka gazte izan ziren momentu oro, elkartasuna adieraziz.

Fernández (CUP), Etxaide (LAB) y Rufi Etxeberria, en la marcha

La marcha de apoyo a los cinco jóvenes de Oarsoaldea había recibido el respaldo de múltiples organismos, y en ese «escudo» protector se pudo ver a algunos importantes representantes políticos y sociales, no solo vascos.

Así, junto a los jóvenes caminaron representantes de la izquierda abertzale como Rufi Etxebarria, Karmele Aierbe, Idoia Aiastui o la parlamentaria de EH Bildu en Gasteiz Marian Beitialarrangoitia. También Xabier Soto, de Alternatiba; Manu Ugartemendia, de Herrira; o Ainhoa Etxaide, secretaria general de LAB.

David Fernández, parlamentario electo de las Candidatures de Unitat Popular (CUP) en Catalunya, participó también en la marcha. Es la segunda consecutiva en Euskal Herria, dado que el sábado anterior tampoco faltó a la cita multitudinaria de Bilbo contra la política carcelaria.

Un día antes fue el Ayuntamiento de Donostia, con el alcalde Juan Karlos Izagirre a la cabeza, el que expresó su solidaridad con estos y otros jóvenes afectados por procesos políticos, recibiendo a dos de ellos.

Ahora son cinco jóvenes de Burlata los que encaran otro juicio en Madrid bajo similares acusaciones. Anteayer su situación se denunció ante el Consistorio de Iruñea.   M.P.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo