Sakanan ekonomia berpizteko lehen urratsak zehaztu ditu Sakantzen sareak
Eskualdearen etorkizuna, hein handi batean, herritarren esku dagoela jabetuta, ekonomia suspertzeko proiektu ezberdinak garatu ditu Sakantzen sareak. Bigarren jardunaldia egin zuten atzo Etxarri Aranatzen eta zortzi hilabeteko lanaren lehen fruituak aurkeztu zituzten.
Iraia OIARZABAL |
Krisiak gogor jo du Sakana, eta oraindik ere, albiste dira bertako industriak bizi dituen gora-beherak. Ostera, herritarrek badute egoera irauliko den konfiantza izateko arrazoirik. Hala aitortu zuen atzo Jon Etxeberria Sakantzen sareko sustatzaileetako batek, egitasmo honen barruan antolatutako bigarren jardunaldia amaitu ostean. Guztira, 50 lagun inguru bildu ziren Etxarri Aranazko kultur etxean auzolanean diseinatutako egitasmo ekonomikoei buruz hausnartzeko asmoz.
Aurreko hilabeteetan Sakanako egoera ekonomiko eta sozialaren diagnosia eta aurrera begira gauzagarriak izan daitezkeen proiektu ekonomikoak plazaratu ostean, egitasmo horiek errealitate bihurtzeko bide-orria marrazten hasi ziren atzo.
Metodologia parte hartzailea oinarritzat hartuta, lau tailer egin zituzten. Kultura, turismoa eta kirola izan zituzten ardatz, horiek baitira, hain zuzen, Sakantzen sarearen baitan ernaldutako proiektu ekonomikoen erdigunea. Etxeberriak azaldu zuenez, urte askotan industriaz bizi ostean, sektorearen gainbeherak beste irtenbide batzuk bilatzera eraman ditu herritarrak.
Bestalde, azaroan egindako «ideia burrunban» izandako ekarpen nagusiak arlo horietakoak izan ziren. Horregatik, ideia horietatik abiatuta, «harira joatea» zen atzoko helburua, hurrengo hilabeteetan egitasmo bakoitzari forma eman eta martxan jarri ahal izateko. Irtenbide horrek kolektiboa behar du izan gainera, Etxeberriaren ustez. Hots, Sakana bere osotasunean hartzen duten proiektuak.
«Orain arte, turismoan adibidez, indibidualki jokatu dugu. Orain, turismo plan egoki bat egiteko eta arlo potente bat sortzeko, beharrezkoa ikusi dugu zerbitzu hori denon artean garatu behar dugula», aitortu zuen.
Kooperatibismoa eredu
Kolektibotasunaren filosofia horri jarraiki, balio kooperatiboak eredutzat hartzen dituztela azpimarratu zuen Etxeberriak. Hori dela eta, kooperatibismoaren inguruko saio informatiboa izan zuten atzo. «Sarea sortu genuenetik kooperatibak bultzatzea izan dugu helburu, uste dugulako beste edozein enpresa mota baino jasangarriagoa dela», gaineratu zuen.
Praktikara begira, bideragarritasun plana egiteko urratsak zeintzuk diren ere azaldu zuten Etxarri Aranatzen. Datozen hilabeteetan formakuntza saio gehiago egingo dituzte mahai gainean dauden proiektuak sendotu eta labetik ateratzeko. Maiatzean, hirugarren lan jardunaldia egingo dute.
Convocados por el comité de empresa, trabajadores de Alestis Aerospace de Araba se manifestaron ayer por las calles de Gasteiz contra el ERE de extinción que afecta a 40 trabajadores en este herrialde y ante el plan de trasvase de carga de trabajo de Gasteiz a la factoría de Sevilla.
Ekainean hasi zen lanean Sakantzen sarea eta dagoeneko badira bi proiektu martxan hasteko prest: kirol areto bat Zuhatzun eta eskualderako komunikazio enpresa bat. Udaberrirako, turismoari lotutako beste bi egitasmo dituzte esku artean.