GARA > Idatzia > Kultura

Bertsozale guztiak «Lotu!» nahi ditu Arabako Txapelketak

Bi urteren ondoren, bakarkako Arabako Bertsolari Txapelketa ate joka dator berriro. Lantenon abiatuko da datorren ostiralean eta Gasteizko Printzipal antzokian ospatuko da finala martxoaren 16an. Guztira 30 bertsolarik hartuko dute parte, «Lotu!» lelopean. Lehenengo bost kanporaketak elkarte eta txokoetan jokatuko dira, bazkari edo afari formatuan.
p052_f02_148x96.jpg

GARA | GASTEIZ

Duela hiru hamarkada bezalaxe, Abornikara, Abel Enbeitaren baserrira joan ziren atzo Arabako bertsozaleak. Izan ere, 1982an, Gasteizen bertso-eskola bat sortu nahian, laguntza eske joan zitzaizkion Enbeitari Martin Imentza, Xabi Rico, Amaia Otsoa, Txipi Ormaetxea eta Rikardo Gonzalez de Durana. Orduan hasitako bideak bere isla du datorren ostiralean abiatuko den Arabako Bertsolari Txapelketan, guztira 30 izango baitira 2013ko edizio honetan parte hartuko duten bertsolariak. Bertan izango dira 2011ko finalaurrekoetan kantatu zuten 17 bertsolari -hemezortzigarrena, Ekaitz Samaniego, espetxeratuta dute oraindik-, eta aurrekanporaketetan sailkatu diren beste 13. Azpimarratzekoa da 2010ean abiatu zuten Kuadrilla arteko Txapelketak irekitako aro berria; 2009an 18 partaide izan zituen txapelketak eta 2011n, aurten bezalaxe, 30. Horietatik seik, gainera, lehenengo txapelketa izango dute.

Aurtengorako leloa, berriz, «Lotu!», izango da, «Arabako bertsolaritzaren historiarekin lotuta dago aurtengo txapelketa; historiarekin eta historia hori egin dutenekin», esan zuten aurkezpenean. «Garai ezberdinetako gazteen artean transmisio bat egon da azkeneko 30 urte hauetan, etengabe berrituz. Gaur garena gara izan direlako, bertsoaren bitartez transmititu da lotura hori eta bertsoa eskaintzen dugu Arabako euskaldunekin lotzeko». Txapelketak gai-jartzaile eta epaile taldea ere sendotu nahi du, baita entzuleak eta gizarteratze maila ere. «Zazpi epaile, Araban sortutakoak eta Araban epaituko dute. Bigarren urtea autonomia lortu dugula», azpimarratu zuten.

Bederatzi saio

Lehenengo kanporaketa Lantenon izango da urtarrilaren 25ean eta hurrengoak Elosun (urtarrilak 27), Agurainen (otsailak 1), Laudion (otsailak 2) eta Lantziegon (otsailak 3) egingo dira. Bost saio hauek afari edo bazkari formatuan ospatuko dira, 60 lagun ingururentzako elkarteetan, 20 euroren truke.

Finalaurrekoak, berriz, jaialdi formatuan izango dira Izarran (otsailak 16), Aramaion (otsailak 23) eta Dulantzin (martxoak 2), 6 euroko sarrerarekin. Azken bakarkako edizioetan bezala, finala Gasteizko Printzipal antzokian izango da martxoaren 16an. Sarrerak aurretik jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eu atarian, 10 euroan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo