GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ana Carrere Zabala | Andoaingo alkatea

Errenteria eta Andoain, minaren antzeko bideak

 

Orain dela egun batzuk ETAk hildako Joxeba Pagazaurtunduari omenaldia egin zaio Andoainen. Omenaldi horretan, Andoainek gorroto eta mendeku hitzak entzun ditu. Andoaineko Alderdi Sozialistaren bozeramaileak, Estanis Amutxastegik, esan zigun: «Jakina da nork eragin zion pistolari, baina oraindik zain gaude jakiteko nortzuk, herri honetan, izan ziren gure kidea hil egin behar zela erabaki zutenak». Hotzikarak hartu nau. Gure herriari ezer ekartzen ez dioten hitzak. Garaipen eta porrotaz, ezertarako balio ez duen bake prozesuaz ari zitzaigun. Errendizioa, zigorrak. Guda hitzak. Ez dakit zein den helburua mezu hauek igortzean, ez bada terrorearen eta gorrotoaren bidean jarraitzea, andoaindarren atxiloketa indiskriminatuak, kartzela, familia hautsiak. Hauxe izango da Andoaingo PSE-EEren bozeramaileak ulertzen duena gatazkaren irtenbide gisa.

Bat nator Maite Pagazaurtunduak omenaldian esan zuenarekin: «Urrezko aukera dugu trikimailurik gabeko etorkizunari heltzeko, injustuki sufritu dutenen zauriak ixten, jendarte bezala berregituratuz eta gaizkiaren oinatza errespetu demokra- tikoagatik eraldatuz». Bai, bat nator; baina guztion artean, guztiontzat, guztiekin. Euskal Herriak zauri asko ditu ixteko. Asko eta sakonak. Baina zauriak ixteko, «trikimailurik gabeko etorkizunari heltzeko», Maitek dioen bezala, ezin dugu, ez dugu nahi, gorrotoa eta mendekua helburua izan. Euskaldun guztiok dugu egiaren, erreparazioaren eta justiziaren eskubidea.

Andoainen, Errenterian bezala, asko dira irekitako zauriak, asko sendatu beharrekoak. ETAren biktimak, bizkartzainekin ibili beharreko mehatxatuak, torturatuak, atxilotu ugari, gure lurra, arrazoi bat edo beste dela medio, utzi behar izan duten pertsonak. Dramaren arrastoek eragindako elkarbizitza.

Baina Andoaingo Alderdi Sozialistako bozeramaileak, Estanis Amitxastegi, justiziaz, askatasunaz eta demokraziaz ari denean, pentsatzen dut ez zaiela zuzentzen bere ideiekin bat egiten ez duten andoaindarrei. Pagazaren izena eman zutenak oraindik zeintzuk diren jakiteko dagoela dioenean, imajinatzen dut sekulako poza hartuko lukeela hurrengo egunetan hainbat atxilotu baleude, duela urtebete Iñaki eta Ttintto herrikideekin gertatu bezala. Ez zaio axolako akusazioak egia edo gezurra diren. Ez zaio axolako, imajinatzen dut, torturak jasaten badituzte. Sendi hautsiak dauden ere ez zaio inportako. Joxeba Pagazaurtunduaren senitartekoek eta lagunek omenaldia egin dezaketen bitartean, badira andoaindar familiak bere senitartekoaren argazkia bera ere erakutsi ezin dutenak, atxilotuak izateko mehatxupean eta terrorismoa goratzeagatik Audientzia Nazionalean amaitzeko arriskuarekin. Argazki bat erakusteagatik! Kontua da guda irabaztea.

Bestelakorik entzun dugu Errenterian. ETAk mehatxatutakoak eta bere biktimen senitartekoak, torturatutako pertsonak, Estatuaren biolentziak hildakoen familiartekoak, ETAko kide ohiak; guzti hauek lortu dute (nahi izan dute) mahai berean elkarrekin esertzea; euren sentimenduen gainean mintzatzeko, baina baita bestea en- tzuteko ere. Bihotza eta eskuak zabalik.

Ez dakit ulertzeko adinakoa, baina bestearen arrazoiak jakitea urrats handia da. Arrazoiekin ados egon zintezketen edo ez, baina bat etorri ziren jendarte ezberdina eraikitzeko aukera paregabearen aurrean gaudela. Garailerik eta garaiturik gabea. Edozein gatazkatan inork ez baitu irabazten, guztiok gara galtzaile. Guztiok dituzte, ditugu, biktimak izateko arrazoiak.

Indarkeriarik gabeko eszenatoki baterantz abiatu nahi badugu, ezinbestekoa da elkarrekin joatea. Ikuspuntu ezberdinak izango ditugu, ekiteko bestelako irizpideak; baina nahi dugula onartzea ezinbestekoa da. Sektarismoak alde batera utziz. Agian ez gara lagunak izatera helduko, berez helburu ez dena, baina argi dugu ezin dugula etsaiak izaten jarraitu. Horregatik inoiz baino beharrezkoagoa da elkartzen gaituzten aldeak bilatzea, minaren sentimenduak direnak hain zuzen, sufrimenduarenak, honetan ez baitago alderik.

Bila dezagun bestearen lekuan jartzea. Bestearen mina onartzeko bidea has dezagun. Bazterketarik eta aurreiritzirik gabe. Errenteria eta Andoain. Historia bera. Bide bera? Hala espero dut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo