GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Kristok baleki!

A ze kristo antolatu duten Vatikanoko Zerrendan! Meteosatek berak ere argazkiak egiteari utzi omen zion une batez, albistea zabaldu ahala Lurretik atera eta espaziora ailegatu bezain pronto. Kristoren Lurreko ordezkaria denak karguari utzi! Itxura batean inori aurretik ezer esan gabe, Kristori berari ere ez, omen. Amen. Total, planeta gelditu egin zen derrepentean, eta ondorioz hainbat jende jausi egin zen lurrera han-hemengo legebiltzarretan. Fukushimako mirakulutik ez zen halako pasadizo zirraragarria izan mundu honetan. Eta afrikar asko eta asko, gizajoak, seguru oraindik ez direla enteratu! Tematu ere smartphone ez izaten! Total ere, kristo guztiak boterean kosta ahala kosta iraun nahi, horri esaten diote garapen iraunkorra, eta Kristoren lurrezko erreinuan agintari bakarra denak zer eta kargua uztera doala iragarri. Han-hemengo bestelako erreinuetan agintari diren askok zahartzarora helduta Vatikanon agintari izaten segitzeko aukera beti zabalik dutela pentsatu eta hara! hango oraingo apustua jende gaztea hartu!, hirurogeita hamarretik gorako gaztea beti ere. Vatikanoko iturrietatik filtratu dutenez karbono-14aren proba egingo omen diote kargurako aurkezten denari, badaezpada, azken bolada honetan grafologiak asko galdu du eta. Amen.

Tira, Vatikanoko hirira! Zertarako utzi kargua? Ee? Ee? Denetarikoa entzun dut. Ameriketako Estatu Batuetako kalifi- kazio-agentzia batera doala, aurreikuspen buru; Azokaren arduradun berria izan daitekeela ere zabaldu da Durangoko batzokitik. Athleticeko atezainen entrenatzailea, Libiara misiolari agian?... Batek daki! Jainkoak berak ere baleki? Argi dagoena da ez dela pentsakor geratuko Vatikanoko zenobio batean, ez eta haurtzaindegia gertu balego ere!

Eta zergatik utzi kargua? Ee? Ee? Denetarikoa entzun dut. Galileako saihesbidea zela eta Golango goi-lurretan gutun-azal beteak gauez zabaltzen ibili zela; murrizketak zirela-eta kristauen orkestra eta musulmanena batzearen alde egin zuela; Madrilgo mediku batekin aritu zela bidaia luzeak egin aurretik; zaldikiaren afera... Jainkoak baleki? Total, hauteskundeak!

Hara, artzapezpikuek baldea eta erratza eskuan, gotzainak lagun, Zerrenda hartako hormak kristo bezala uzten, arrosak eta ostiak dohainik zabaltzen... habemus esan arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo