GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroan D ereduan matrikulatzeak duen garrantzia nabarmendu zuten Anaitasunan

p021_f03_088x068.jpg

GARA | IRUÑEA

Nafarroan aurrematrikulazio epean D eredua hautatzearen alde egindako kanpainari amaiera ipini zioten atzo Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egindako ekitaldiarekin.

Nafarroako udal eta mankomunitate ugarik antolatu dute kanpaina, Irrien Lagunak Klubaren sostenguarekin. Pupu eta Lore ere D ereduan matrikulatu dituztela iragarri zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek kanpainaren hasieran. Gurasoen etxeetara D ereduaren aldeko bideo interaktibo bat bidali dute.

Kanpaina amaitzeko, goiz osoan zehar puzgarriak eta jolasak izan zituzten Anaitasunan euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko ekimen jendetsuan.

Bestalde, Euskal Herrian Euskaraz-ek elkarretaratzea egin zuen atzo Donostian, Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean. «Euskara baztertzen duen eredurik ez. Guk, eskola euskalduna» lemapean 60 bat lagun batu ziren.

EHEren protesta

Elkarretaratzearen bukaeran Kontseiluaren «Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proposamena» itsatsi zuten Lakuako Gobernuaren eraikinaren atean. Horren ondotik giza-katea egin zuten Donostiako San Patricio ikastetxeraino, erdal ereduak eskaintzen dituzten ikastetxeetatik pasatuz.

«Euskal hiribururik euskaldunena ei den horretan 10.100 ikasle daude euskara ezagutzeko eskubidea bermatzen ez dieten erdal ereduetan ikasten», salatu zuen EHEk.

Atzoko protesta EHEk urtarrilean abiatu zuen «Guk, eskola euskaldun» kanpainaren baitakoa zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo