Kiroltasuna eta konpromisoa
Ohartuak baikara futbolaren negozio- buruei eman ahal diegun erantzun hoberena horixe dela. Adiskidetasuna, nork bere bandera astinduz eta guztien artean bakarra aldarrikatuz.
Edorta JIMENEZ ORMAETXEA
Futbolaren negozioburuek ostiraleko bederatzi eta erdietako ordua eman dute Athletic-Reala partida jokatzeko. San Mames zaharrean A-8ko talde bien azken derbia izango den horrexetarako, hain zuzen. Eguna desegokia, ordua are desegokiagoa. LFPren eskutik futbolak hartu duen bidearen berri izan ez bagenu, mendekutzat hartuko genukeen ordu eta egun horiek jarri izana. Edo ostantzean, partida horrek, Bilbon jokatu nahiz Donostian jokatu, kaleetan eragin izaten duen giroa zapuzteko estrategiatzat jo genezakeen. Ez omen da arrazoi horietako ezeinengatik. Negozioaren premiagatik baino.
Negozioak munduan batzuentzat zoragarri eta askorentzat negargarri doazen honetan, Athletic eta Reala ere elkarren muturrekoak diren egoeran datoz. Malagaren aurka galdu ostean gure taldea bigarren zerean, vade retro!, jausteari ihes egin guran dator, eta bada, gero, zorretan den klub andaluziarrak zorrik gabekoei puntuak horrela kentzea. Negozioak noiz arte iraungo dien, ez dakit. Ziur dakidana, futbolarekin dudan zaletasuna ahultzen ari zaidala. Athletici txikitandik lotzen nauen hesteagatik ez balitz, jai izango luke niretzat negozio handien kirolak. Horrez gero, niretzat behintzat partidak taberna giroko ikuskizuna lirateke, eta kito, bakea.
Denboraldiaren orain arteko emaitzen eta bestelako gorabeheren eraginez Garizuma giroan gu, udaberriko eguraldiaz datoz auzokoak. Europara begira, nahiz eta azken partidan bana egin Levanteren aurka. Guk iaz izan genuen ametsarekin ametsetan. Amets ederra, aspaldiko partez Reala etxekoek osatzen dutelako gehienbat. Hala eta guztiz ere taldea hain gora eroan duen entrenatzaileari kritika zitalak egiten zaizkio. Gureari bezalaxe. A-8 autopistaren gaienean sarraskijale bi hegaldatzen dira, biak beren buruari periodiku izena eman diotenak. Biek ere biek jabe bakarra dute, eta jabe horrek ez ditu gogoko oraingo entrenatzaileak. Ez batekoa eta ez bestekoa. Autopista hori urtean bitan elkartasun eta adiskidetasun bide bilaka dadin gogoko ez duen bezalaxe.
Talde bakoitzaren egoera nolakoa, zaleen gogoa ere halakoa, Athleticen eta Realaren zaleen aldetik Bilboko kaleetan giroa ederra izango delakoan nago. Ohartuak baikara futbolaren negozioburuei eman ahal diegun erantzun hoberena horixe dela. Adiskidetasuna, nork bere bandera astinduz eta guztien artean bakarra aldarrikatuz. Horrexek ematen die-eta begietan minik handiena A-8 horren gainean hegaldatzen diren sarraskijaleei. Eta euskaraz mintzatzen aditu beharrak ere ez dio atsekabe makala eragiten bati baino gehiagori.
Hala bada, azken derbi txuri-gorria San Mames zaharrean. Athletici hil ala biziko partidak jokatu beharra datorkio. Realak ostera bere ametsari eutsi nahi dio. Beraz, partida gogorra jokatuko dutelakoan nago. Ziur naiz, baita ere, kirolariek sendo baina gogorkeriarik gabe jokatu dutena. Zintzo. Eta ez huts-hutsik Euskal Herriko zoko eta bazter guztietan ikusiko den partida izango delako. Talde bien ezaugarrietan jokalarien kiroltasuna eta koloreekiko konpromisoa dagoelako, salbuespenak salbuespen, eta ezaugarriok horrelakoetan erakusten direlako argien. Honelakoetan esan ohi den legez, hiru puntu baino askoz gehiago jokoan San Mames zaharrean. Ea ba puntuok guretzat diren eta gainerako guztian berdinketa egiten dugun.