ZIENTZIA
Baleak eta ikerketa zientifikoa
1987an hartutako konpromisoa berritu behar dugu, eta baleak babestu nahi baditugu, erabateko debekua gauzatzea beharrezkoa da
Mikel SUSPERREGI mikel@carbonica.org
Urtero, neguan, 1.000 balea harrapatzen ditu Japoniak Antartikako itsasoetan, ikerketa zientifikorako omen direlako aitzakiarekin. Praktika horrek kontrobertsia handia sortzen du, eta tradizioa bihurtu dira itsasontziok dituzten liskarrak Australiako ekologistekin.
Aste honetan, topaketa arriskutsu bat salatu du Sea Shepherd erakunde australiarrak. Beren esanetan, «Nisshin Maru» balea arrantzan aritzen den 6.000 tonako ontzi japoniarra izan da beren bi ontziren aurka egin duena. Beren ontziek, «Bob Barker» eta «Steve Irwin» izenekoak, eraso zuzena jasan dute «Nisshin Maru»-ren eskutik, intentzio osoarekin topo eginda.
Horrelako ekintza bortitzak legez kanpokoak dira nazioarteko uretan ere, australiarrek dioten bezala benetan gertatu baldin bada.
Japoniarrek bestelako bertsioa jakitera eman dute.
Dena dela, argi dago japoniarren aldetik pazientzia agortzen ari dela, eta bi alderdien arteko areriotasuna biziki areagotu dela.
Japoniaren urteroko balea arrantzak kritika zorrotzak jaso ditu aspaldidanik. 1986an, IWC nazioarteko balea arrantzarako batzordeak (International Whaling Commission), balea arrantza komertziala debekatu zuen, eta estatu gehienek onartu eta berena egin zuten debekua.
Japoniak, debekua onartu arren, hasieratik eskatu zuen salbuespena, ikerketa zientifikoaren izenean. Argi ez bazen ere ikerketaren helburua, hasieran 300 bat balea harrapatzen hasi ziren urtero.
Ikerketarako harrapatutako baleen haragia eta olioa Japonian saltzen da komertzialki. 1987ko debekuaz geroztik Japoniak 16.000 bale harrapatu ditu guztira eta gaur egun ikerketa zientifiko honen etekinak ez dira agerian.
Edonork daki baleen joera ikertzeko ez dela beharrezkoa baleak hiltzea, eta zaila da ulertzea beren anatomia edo patologiak ikertzeko hainbeste balea harrapatzea beharrezkoa denik. Bistakoa da espezimen guztiak berehala komertzialki saltzen direla beren haragiagatik, eta beraz, hor ez dago baleen gaineko inolako ikerketa seriorik egiteko astirik.
2005ean zientzialari talde batek gaia hau aztertu zuen «Nature» aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Beren ondorioa zen «arrantza zientifiko» honek ez dituela emaitza zientifikoak lortzen, ez digu literatura zientifikorik sortu edo ikerketa corpusik, eta ez du inondik ere baleei buruzko ezagutza garatu.
Harritzekoa da beraz IWC-k hainbeste urtez onartu izana Japoniak joko honen bidez debeku komertzialari muzin egitea. Bestela esanda, 1987ko akordioaz trufatzea da Japoniak egiten duena, eta aldi berean eredu txarra sortu du.
Iazko uztailean Koreak iragarri zuen bere proposamen propioa ikerketa zientifikorako balea arrantza burutzeko. Nork eragotzi diezaioke Koreari, hainbeste urtez Japoniaren praktika onartu badugu?
Esan behar da, era berean, Islandiak eta Norvegiak arrantza komertziala egiten dutela, eta bien artean 2.000 balea inguru harrapatzen dituzte urtero Artikoko itsasoetan.
Beraz, 1987an hartutako konpromisoa berritu behar dugu eta baleak babestu nahi baditugu erabateko debekua gauzatzea beharrezkoa da.