Joseba Alvarez Ezker abertzaleko kidea
Behetik eta ezkerretik
Datorren larunbatean, hilak 23, Sorturen kongresuarekin ez da ezer bukatzen, aitzitik dena martxan jartzen hasteko unea iritsiko da. Ingeniaritza politikoko lanak dira, oraingoz, amaitu ditugunak. Oraingoz diogu, ponentziak beti hobetzekoak direlako, okerra litzatekeelako gure «espetxe ideologiko» aldaezin bilakatzea
Duela ia hiru urte abian jarri genuen hausnarketa prozesuak ekarri zuen «Zutik Euskal Herria»-rekin abiatutako aldaketa estrate- gikoari eutsiz, ezker abertzalea barne bilduko zuen indar politiko berria sortzea zegokigun, eta horixe da datorren larunbatean Iruñeko Baluarten egingo duguna: Sortu abian jartzea.
Handia izan da eginiko lana. Euskal Herri osoan azken lau hilabeteotan, lau aldiz egin ditugun 250 batzarretan, 6.000 kidetik gorak hartu du parte Sorturen Oinarri Ideologiko, Ildo Politiko, Antolaketa eta Funtzionamendu eta Komunikazio Politikaren eztabaidetan, eta baita barne ardurak hautatzeko hauteskunde prozesuan ere. Denetara, 1.000 batzarretik gora egin dira eta 16.000 lan orduko auzolan politiko kolektibo erraldoia izan da egin duguna, aurkeztu diren 1.800 zuzenketek azpimarratzen duten moduan.
Ederrak, luzeak eta zenbaitetan korapilatuak izan dira eztabaidak, hala nola Europar Batasuna eta Euskal Estatua, feminismoa, nazio eraikuntza zein eraldaketa soziala, Iraultza Demokratiko Nazionala, militantziaren eredua, borroka moldeen arteko artikulazioa, aliantza politika, indar metaketa, barne korronteak, konfrontazio demokratikoa zein desobedientzia zibil eta politikoa, egituraren osaketa eta funtzionamendua... Baina ez da inondik ere alferrikako lana izan. Akats eta oztopo guztien gainetik, argipen eta zehaztapen ariketa handia izan da.
Gutxi balitz, Sorturen Eratze Prozesua egin dugun testuinguru politikoa ere, ez da errazena izan guretzat. Aldagai askok itzal luzea izan dute egin ditugun eztabaidetan eta harturiko erabakietan. Lehena, «Zutik Euskal Herria»-ren baitan eginiko estrategia globalaren birmoldaketa Sorturen eztabaidaren ardatza izan da, eta horrek gure artean izaniko eztabaiden oihartzuna ekarri digu.
Bestetik, estatuen aldetik mantentzen diren politika immobilistek zein eraso errepresibo eta mehatxuak ere ez dute hausnarketa erraztu. Horrekin batera, Eratze Prozesuak iraun dituen hamalau hilabeteotan asko izan dira euskal jendartea astindu duten gertakariak, hala nola krisialdi ekonomikoa dela medio inposatu nahi dizkiguten neurri neoliberal bortitzei erantzuteko bi greba orokorrak, hauteskunde autonomikoak, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko mobilizazio erraldoiak, LABen Kongresua eta gazteen Zukgua, ehunka udaletako kudeaketa... Horrek guztiak Sorturen Eratze Prozesuan eragina izan du, zalantzarik gabe.
Baina hala eta guztiz ere, finkaturiko helburuak bete dituela esan dezakegu. Argi geratu da, Sortu indar politiko nazionala dela eta Sortuk sortu nahi duen Euskal Estatua zazpi lurralde historikoez osaturiko lurraldeari dagokiona dela.
Argi geratu da independentziarako bidea jorratzea dela gure helburua, Europan Euskal Estatua, Euskal Errepublika, sortzeko. Argi geratu da, sozialistak garen heinean, gure helburua ez dela kapitalismoa humanizatzea edota hobetzea, errotik iraultzea baizik, Euskal Herrirako sozialismoa eraikitzeko, Euskal Estatua sozialista bihur dadin.
Argi geratu da, gure helburua ez dela Euskal Herri elebiduna edo hiru eleduna osatzea, herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herri euskalduna sortzea baizik. Euskara da Euskal Estatua bermatuko duena, eta ez alderantziz.
Argi geratu da, gure jendarte eredua, balio feministetan eraikiko dugula. Euskal Estatua balio feministetan oinarritutakoa izango da, genero zapalkuntza ekidinez eta parekidetasuna bermatuz. Argi geratu da, askapen prozesu hori bide politiko eta demokratikoetatik egingo dugula, euskal herritarren iritzia kontuan hartuz beti eta aliantza politika berria dela medio.
Euskal Estatua sortuko da euskal jendartearen baitan asmo hori hegemonikoa bihurtzen badugu arlo linguistikoan, kulturalean, sozialean, sindikalean, politikoan eta baita instituzionalean ere.
Argi geratu da, ideiez eta bideaz gain, ideia horiek bururaino eramateko nahiko indar militante badugula. Euskal Estatuaren sorrera Euskal Herri osoaren auzolanaren emaitza izango da, aliantza politiko eraginkorrez bideratua, baina Sorturi aliantza horietan motor izatea egokituko zaio.
Gauzak horrela, datorren larunbatean, hilak 23, Sorturen Kongresuarekin ez da ezer bukatzen, aitzitik dena martxan jartzen hasteko unea iritsiko da. Ingeniaritza politikoaren esparruko lanak dira, oraingoz, amaitu ditugunak. Oraingoz diogu, ponentziak beti hobetzekoak direlako, etengabe aldatzen ari den egoera politiko, ekonomiko eta sozialera egokitzeko. Izan ere, okerra litzateke gure ponentzia gure «espetxe ideologiko» aldaezin bilakatzea, batez ere gu geu, Euskal Herria, Europa eta baita mundua ere trantsizio prozesu batean murgilduta gaudenean.
Independentzia eta sozialismoaren aldeko bideak zabala eta berritzailea izan behar du ezinbestean, sortzen diren abagune berriei modurik eraginkorrenean erantzuteko.
Herrien eta langileriaren etorkizun sozialista XXI. mendean finkatzeko bide berriak eztabaida bizian daude eta dagoeneko martxan jartzen hasiak dira munduko zonalde batzuetan. Guri, gurea, Euskal Herrian martxan jartzea dagokigu.
Bide horretan, borroka ideologikoak garrantzi handia izango du etorkizunean eta lan ildo horretan sakontzeko, Sortuk bi bide jorratuko ditu: bata, komunikazio politika berria, egiten eta pentsatzen duguna jendeak ezagutu dezan; eta, bestetik, Ikasgunearen bidez garatuko duen kide, militante eta hautetsien formakuntza iraunkorra.
Beraz, onartutako Ponentziarekin galdera guztien erantzun borobilak ez ditugula jakinik, malgutasunez jokatu beharko dugu etorkizunean, hausnarketa berriei aterik itxi gabe, gure baieztapen kategorikoekiko preso gera ez gaitezen eta, batez ere, oraindik sakontzeko ditugun hainbat hausnarketa askatasunez bideratzeko, gure jarduera politikoak, arrakastatsua izan nahi badu, ezinbestean etengabe aldatzen doan errealitatearekin eta bilakaera sozialekin itsatsita egon behar du- elako.
Hala eta guztiz ere, gure etxeko zimendu, zutoin eta zutabe berri nagusiak jarri ditugulakoan gaude.
Horregatik, otsailaren 23tik aurrera, Sorturen Eratze Prozesuan eta Kongresuan bozkatu eta onartuko dugun Ponentziak jasotzen duen guztia bideratzen hastea dagokigu. Orain behetik eta ezkerretik eraikitzea dagokigu, askapen eta eraldaketa prozesuak behetik gora eta ezkerretik eraikitzen direlako.
Lan horretan, gatazka politikoaren konponbideaz gain, lehentasun osoa izango dute nazio eraikuntzak eta eraldaketa sozialak. Herri dinamikak indartzea dagokigu eta, horretarako, «kalea» berreskuratu behar dugu, konfrontazio demokratikoa areagotzeko behar den presio soziala eta gihar politikoa zein mobilizatzailea berreskuratuz, desobedientzia zibil eta politikoa garatzeko bideak jorratuz eta jadanik eskuratu dugun presentzia eta ardura instituzional zabala, masa borrokaz eta borroka ideologikoaz osatuz.
Horretan dago gure arrakastaren gakoa.
Zorionak, beraz, militantzia guztiari, eginiko lanarengatik. Lagun irlandarrek dioten moduan, «etorkizuna, geurea da».