Arrainentzako himnoak sortzeari ekin dio Morauk, denentzat ageri-agerian
Bere etxeko ateak ireki eta kantuen sortze prozesuari garrantzia emanez «Arrainentzako himnoak» proiektuari ekin dio Andoni Tolosa «Morau»-k. Ez dio ardura azken emaitzak, bideak baizik. Urtebeteko epean, sortze prozesuaren egunerokoa jendearekin konpartitu nahi du.
Orain arte beti fijatu izan naiz azken emaitzan eta orain alderantziz abiatu naiz. Orain prozesuak du garrantzia, bideak, eta bide horretan egiten dugunak gero zer emaitza izango duen ez dakigu». Horixe da Andoni Tolosa Morau-ren (Hernani, 1963) erronka berria, www.arrainentzakohimnoak.org ataria bere eguneroko bihurtu du. Musikari eta GARAko kolaboratzaileak bere etxeko ateak zabaldu dizkio nahi duen orori eta kantuak sortzeari ekin dio, guztien bistan, sekreturik gabe. Neurri batean «desmitifikatu» egin nahi du sortze prozesua, eta era berean, «bere balioa aitortu horrek dakarren lanari, lan handia baita».
Hala ere, «blogaren bigarren funtzioa bazen neure buruari ere nolabait erronka hori jartzea, neure burua kantuak egitera behartzea», aitortzen du. Izan ere, bost disko baditu hernaniarrak, baina ia bost urte pasa dira «Kalamidadiak» (Gaztelupeko hotsak, 2008) azkenengoa kaleratu zuenetik. «Denbora aurrera eta gogoa bai, baina gero eta denbora gutxiago eta betikoa. Hau bada modu bat kantu sorkuntzari berriro heltzeko».
Kantuak sortu bai, baina emaitza disko batean biltzea ez du momentuz planteatu. «Printzipioz diskoa ez da helburua. Oraingoz helburua kantuak egitea da, eta gero ikusiko dugu beharrezkoa den diskoratzea edo ez, hartuko duten itxurarekin egoki geldituko diren eta jendearentzat eskuragarri izango diren... Azkenean diskoaren beharra sentitu beharra daukat eta oraingoz ez daukat. Hori bai, kantuak egiteko beharra bai».
Egunerokoaz arrainei kantuan
Arrainek hogei segundoko memoria dutela diote eta horri heldu dio Morauk titulua aukeratzerako orduan. «Beti esaten dut brometan badirudiela kantautoreok kondenatuta gaudela edo gure bizitza pertsonala kontatzera edo, bestela, mundua salbatzera. Pixka bat zen hortik urrutiratu eta meta bezala planteatzea ingurukoa kontatzea eta hortik sortzea kantuak. Egia esan, beti jokatu dut horretara, baina oraingoan askoz kontzienteago, hitz handiak edo arma handiak alde batera utzita. Uste dut oso ondo islatzen zuela hori arrainen kontuak. Ze agian bai izan daitezke himnoak, baina arrainek oso memoria gutxi dutenez, ez dituzte gogoratuko. Ez dakit logikoa den, baina koherentea bai».
Egunerokoaz gain, material mordoa jarri du eskuragarri. Badira argazkiak, institutu garaian sortutako Crapulam Dormirae taldearenak, Bilboko «kaskamotz» batzuek emanaldia eten ziotenekoa, Morau gisa Hernaniko Bodegan eginiko lehen emanaldikoa, kasetean grabatutako maketak, Joxi Ubedarekin egindako emanaldiak, Putre eta biak Vigoraino motoz joan eta bertan gitarra alokatuta eskainitako kontzertukoa... Orain arte kaleratutako bost diskoak ere entzungai jarri ditu sarean. Gaztelupeko hotsak zigiluarekin argitaratutako «Morau» (1996), «Kantu galduak» (1998) eta «Amodio domestikoak» (2000), eta Morau ta Agotak bezala 2004an argitaratutako «Txukalda» (2004) eta «Kalamidadiak» (Gaztelupeko hotsak, 2008).
Eta sorkuntza berriari dagokionez, dagoeneko bada zer entzun. «Arrainentzako himnoak» kantuaren bi bertsio zintzilikatu ditu eta «Gizon arruntaren seme-alaben koplak», Xabier Leteren kantuaren bertsio eguneratua ere entzungai dago. «Baneraman denbora Leteren kantuari bueltaka. Iruditzen zait oso ondo egiten zuela bat `Arrainentzako himnoak' honekin, ze bada nolabait deshimno bat edo desheroi baten himnoa. Bururatu zitzaidan erronka bezala, eta halaxe kontatu nuen blogean, ea zer gertatuko litzatekeen kantu hau 2013ra ekartzen saiatuko bagina. Eta hausnarketa horretatik horixe da atera dena. Kristoren bertigoa ematen dit, `Star wars'-en sekuela bat egitea bezala da, baina azkenean ahalik eta fidelen jokatu dut originalarekin. Batez ere, originalaren asmoarekin. Abisatzen dut, hala ere, beta bertsioa dela, oraindik moldaketak egongo direla. Ideia hori da, urtebeteko epea jarri diot neure buruari eta agian epe horretan kantu bakoitzaren hiru edo lau bertsio egongo dira».
Ane ARRUTI