GARA > Idatzia > Kultura

Euskadiko Orkestrak Bernaolari eskaini dio azken diskoa

Orkestrak 1997. urteaz geroztik urtero euskal konpositore bati eskainitako disko bat atera du. Inoiz grabatu gabeko Carmelo Bernaolaren lau lan biltzen dituen disko honek Jesus Guridiren obrekin hasi zen bilduma biribiltzen du, hamabost urte eta gero.
p048_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Euskal Konpositoreen Bilduma ixten duen hamabosgarren diskoa aurkeztu zuen atzo bere egoitzan. Carmelo Bernaola bizkaitarra da oroitu nahi izan duten konpositorea eta horretarako orain arte grabatu gabeko haren lau obra bildu dituzte.

Juanjo Menak, konpositorearen ikasle izandako zuzendariak, aukeratu du errepertorioa Jose Luis Garcia del Busto musikologoaren laguntzarekin. Bertan, Bernaolaren loraldian konposatutako «Piezas caprichosas» eta «Sinfonía Nº2» daude, baita «Fanfarria-preludio» obra ere, autorea hil eta gero ezagutzeko aukera izan genuena. Diskoaren azken zatia «Fantasias» obra da, Granada hiriari eskainitakoa.

Garcia del Bustok autorearen biografia idatzi zuen, baina horrez gain, urte askotan elkar ezagutu eta lagun egin ziren. Honek azaldutakoaren arabera, «Fantasias» obra Granadako Musika eta Dantza Jaialdian aurkeztu zen, enkarguz, baina konpositorea ezin izan zen bertaratu. «Jada gaixo zegoen, obra amaitzea ere kostatu zitzaion. Berak asko maite zuen Granada, bertan izan zelako irakasle, eta obra hau egiteko Alhambran inspiratu zen. Askotan ez zen oroitzen eta monumentua deskribatzeko eskatzen zidan», aipatu zuen hunkituta.

Bernaolaren lagunek berarekin izandako bizipenak gogora ekarri zituzten barre artean, atzean argazki historiko bat zutela. Izan ere, disko bilduma irudi bakar batean laburtzen duen irudia Bernaolak berak zuen gordeta bere dokumentu guztien artean.

Bernaola ageri da argazkian, 1956an Madrilen diploma bat jasotzen oso miresten zuen Jesus Guridiren eskutik. Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusiaren esanetan, 1997an, bilduma hasi zutenean, XIX. eta XXI. mendeen arteko euskal konpositoreen obrak bildu eta behar bezala grabatzea zuten helburu, eta lehen diskoa, hain zuzen ere, Guridiri eskaini zioten.

Krisi ekonomikoa gorabehera, bilduma osoa garaiz sortzea lortu dute Mondragon Korporazioaren laguntzari esker. Orain orkestrak lanean jarraituko du eta ondorengo proiektuetan musika lirikoa zein gaur egungo konpositoreak oinarri izango dituztela iragarri zuen Alberdik.

Era berean, diskoaren aurkezpenak Cristina Uriarte Hezkuntza eta Kultura sailburu berriari lehen aldiz orkestraren egoitza bisitatzeko aukera eman zion. Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadiko Orkestra eta Bilbokoa batzeko egindako proposamenaz galdeturik, ez zuen adierazpenik egin nahi izan. Hala ere, nabarmendu zuen, orokorrean, «garai hauetan instituzioetan baliabideak optimizatu» behar direla eta «eraginkorrak» izan beharra dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo