Ahoz Aho jaialdiak ahozkotasun arloko izarrak ekarriko ditu bihartik aurrera Tolosa eta Ordiziara
N.B. | DONOSTIA
Urtero bezala, hemen dugu Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia mundu osoko ipuin kontalariak Euskal Herrira ekartzeko. Aurtengo kartelak kalabaza forma duen konstelazio magiko bat aurkezten digu, ipuin kontalaritzako izarrez osatutakoa.
Izar horiek dira Kolonbia, Mexiko, Uruguai, Kuba, Irlanda, Valentzia eta Errioxatik etorritakoak, baita Euskal Herriko beste dozena bat ere. Kontalariekin hitzordua bihartik aurrera izango da bai Ordizian bai Tolosan, eta jaialdiak martxoaren 7ra arte iraungo du. Egunero, gutxienez emanaldi bat izango da bi herrietako agertoki desberdinetan.
Hala, Ordiziako Barrena Jauregiak 19.00etan lehenengo emanaldia hartuko du. Bertan izango da Valentziako Carles Garcia Domingo «Azul Medianoche» kontakizuna eskaintzen. Haurrak ohera joaten direnean helduek kontatzen dituzten umore beltzeko istorioak biltzen ditu ikuskizun honek.
Kontalari honekin batera, Mercedes Alfonso kubatarra izango da «Cuentos de Punta a Cabo» ikuskizunarekin. Bertan Punta de Maisitik Cabo de San Antonioraino, Kuba irlatik datozen istorioen berri emango du.
Ordiziatik Tolosara joko dute kontalariak eta 22.30ean berriro eskainiko dute emanaldi berbera Amarozen. Ordizian saioak martxoaren 2an amaituko badira ere, tolosarrek 7an ere izango dute kontalaria herrian. Jaialdiaren azken emanaldi hori Barry «Barrez» Manley irlandarraren esku izango da. Euskal Herrira etorri eta taula gainera igo zen bere aita eta aitona bezala ipuin kontalari aritzeko asmoz. Bakarrizketak egiten ditu orain, euskaraz, «Irish in Euskal Herria» saioan. Gurera iritsi zeneko esperientziak kontatuko dizkigu, umorea oinarri duela.
«Izarrak» topatzeko lehiaketa
Horrez gain, «Kontatu gurekin!» ipuinen ahozko narrazio leihaketa martxan jarri dute. Larunbatean izango da, 22.00etatik aurrera Ordiziako Barrena Jauregian. Epaimahaiak eta publikoak hiru kontalari hautatuko dituzte (bakoitzak gehienez zortzi minutuko istorioa kontatuko du) martxoaren 1ean ospatuko den Gala Handian aritzeko.
Hori ez da, ordea, sari bakarra. Izan ere, «izarrik distiratsuenak» 300 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 200 euro eta hirugarrenak 100. Izena eman nahi duten kontalariek intujai@intujai.com helbidera mezu bat bidali beharko dute.