Loren Arkotxa eta Jesus Mari Agirrezabala Udalbiltzako lehendakari ohia eta Udalbiltza-Udalbideko lehendakariorde ohia
Udalbiltza, nazio bat garelako
Oso garrantzitsua da azpimarratzea egungo unea, herriaren nazio eskubideak aldarrikatzeko Udalbiltza tresna baliagarri bihurtzeko aukera dugulako, baita garapen ekonomiko eta sozialerako lan egiteko aukera ereUrtebeteko lan baten ostean, datorren martxoaren 2an Udalbiltza berrantolatzeko batzarra egingo da Donostian, epe ertaineko ekintza plan bat zehazteko eta hura gidatzeko zuzendaritza bat hautatzeko. Iazko Aberri Egunaren bezperan zazpi herrialdeetako udal kargu talde batek hasitako lana burutuko da batzarrean eta, horrela, azken bost mendeetan izan dugun instituzio nazional bakarrak desiratutako bigarren aroko aurreneko pausoak emango ditu.
Udalbiltzaren ibilbidea eta iragana gure historiaren ispiluan ikusten ahal dira. Batetik, herri honek udal izaera nabarmena dauka, eta gure historia hurbileko bi garai erabakigarriren mugimendu haien herentzia jasotzen du: 1931koa eta 1976koa. Orduan ere alkateak izan ziren -Lizarrako eta Bergarako mugimenduen inguruan bilduta-, Euskal Herriaren nazio eskubideak aldarrikatzeko pausoa eman zutenak. Bestetik, birsortu egin da; izan ere, euskal gizarteak sekula ez dio, ezta garairik txarrenetan ere, uko egin Estatu propioa izateko eskubideari. Gainera, bere lehen aroan -1999an hasi zen hartan-, batasunetik egindako garapenak trabak izan zituen, abertzaleen arteko elkarlana eragotzi zuten arrazoi batzuengatik, eta bultzada politikoz jokatzen duten instantzia judizialen jazarpena pairatu zuen.
Horregatik, normalizazio politikoari buruzko arloaz gain, oso garrantzitsua da azpimarratzea egungo unea, herriaren nazio eskubideak aldarrikatzeko Udalbiltza tresna baliagarri bihurtzeko aukera dugulako, baita garapen ekonomiko eta sozialerako lan egiteko aukera ere.
Martxoaren 2an bertan hasiko da lanean erakundea, ahal den denbora tarterik laburrenean bere ahaleginek ezarpen praktikoa izateko helburuz. Kultura, euskara, hezkuntza, kirola edota ekonomia bezalako arlo desberdinetan Euskal Herriko udalerri denetan lankidetzan ekintzak garatzeko erronka handia du.
Herri mailako oinarria duen lan honek nazio eraikuntzan oinarrizkoenetakoa den kontu bat gainditzen lagunduko du: lurraldetasuna. Lan serio eta gizartera atxikitako batekin, Udalbiltza osatzen duten milaka hautetsi horiek zuzenean eta gertutasunez ordezkatzen dituzten herritarrekin estu-estu lan eginda, gure herria hirutan banatzen duten horma zeharkaezin horiek -ezarritako muga horiek- gainditu daitezkeela erakutsiko dugu.
Udal oinarria duen erakunde nazional batek, sarri auzi politiko handietatik urrun dauden herritarrekin konektatzeko gaitasuna dauka, jende desberdin baina gauza komun asko dituztenekin berezko loturak sustatuz, eta udalen arteko uztartzearen bidez herrialde guztien arteko harremanak indartuz.
Bistan da proiektu honetara asko direla atxiki diren hautetsiak, eta zalantzarik ez dugu: hemendik gutxira askoz gehiago izango dira. Udalbiltzak abertzaleentzat esanahi berezia du: itxaropen aldi haren, xede orok egingarria zirudien eta subiranisten lankidetza bideak entseatu ziren garai hartako ikur nagusia izan zen. Gainera, sinistuta gaude Udalbiltzari nazio eraikuntzaren eta herriaren garapen integralaren prozesu honetan funtsezko zeregina dagokiola.
Haren sustatzaileen borondatea, irekia den eta helburuekin identifikatzen den oro bere baitan hartzeko gaitasuna duen egitasmo bat sortzea da. Konbentzituta gaude Euskal Herriaren nazio eskubideetan sinisten duten udal kargu publiko guztien etxea eraikiko dugula.
Horiek izan dira betidanik Udalbiltzaren xedeak. Idatzi hau sinatzen dugunok helburu haiek babestu genituen duela hamalau urte, eta udal kargu denei dei egiten diegu Udalbiltzara atxikitzeko.
Gu biok ez gara beti ados egon, ez dugu beti estrategia bera babestu, baina Euskal Herri aske eta justizia sozialean oinarritutakoaren nazio eskubideen aldeko borroka partekatu izan dugu beti. Orain gustura uzten diogu Udalbiltza honi lekukoa; 1999an hasi eta bi espresio izan dituen bideetatik onena bildu eta akatsetatik ikasi du Udalbiltza honek.
Euskal Herria nazio bat dela sinisten dugunok era kontsekuente batean aritzeko garaia da. Nazio batek erakunde nazionalak behar ditu, herritarren eta munduaren aurrean bere burua aurkezteko, bere egunerokoaren alde lan egiteko eta etorkizuna eraikitzeko. Hori da Udalbiltzak eskaintzen diguna.