«Orobil Borobila», emozioetan oinarritzen den haur txikientzako antzezlan berria
GARA | SENPERE
Kiribil antzerki konpainia berriak bere lehen lana aurkeztu zuen atzo, Senperen. Haur txikientzat egina izan den «Orobil Borobila» jostailuekin, unibertsoarekin edo giza atalekin jostatuz emozioetan borobiltzen da.
«Oro biltzen duen borobila, eta dena biltzen duen ikusgarria» da «Orobil Borobila», sortzaile eta aktore lanak egiten dituen Josianne Aguerre Valenciaren esanetan. Haurren jolasak diren pilota edo kaniketatik abiatuta, ilargia eta planetak hurbiltzen ditu, burua edo amaren sabela irudikatuz, eta guzti hori ikusleengan sortzen dituen lasaitasun, goxotasun eta maitasunarekin borobilduz.
«Orobil Borobila» lanak ez du tramarik, zirkulutik abiatuta parte-hartzaile guztien artean sortutako emozioen lana da. Paxkal Indok, Amaia Hennebutte-Millardek eta Josiane Aguerre Valenciak Ramon Albisturren gidaritzapean elkarlanean osatu duten antzezlana da.
Albisturrek proposatzen zituen «pistetatik» abiatuta, inprobisazio eta lan kolektiboaren bitartez osatu dutela azaldu zuen Aguerre Vallenciak: «Borobilaren formatik abiatu, eta bakoitzak berarentzat borobiltasuna duten gauzak ekarri genituen, forma horiekin jostatuz denen artean sortu dugu». Hennebutte-Millardek gehitu zuen: «Hastapenean osotasuna ikustea zaila zen, baina gero loturak eginez lortu dugu».
Aktore eta idazleak honela azaldu zuen eszenatoki gainean ikusten ahal dena: «Mundua pizten dugunean borobilaren munduan sartzen gara eta osatzen joaten gara. Fisikoki apainduren bitartez eta emozionalki emozio ezberdinak eginez: goxotasuna, haserrea, jokoa, maitasuna...».