Ainhoa Iraola Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako zuzendaria
Bai, %80 birziklagarria da
Birziklatzeko eta jendarte iraunkorragoa eraikitzeko bidean urratsak egiten ari gara, gero eta sendoagoak, baina oraindik ere asko dugu egiteko
Bai, eta horregatik asko dugu hobetzeko Gipuzkoan. Eta horregatik, zentzugabekeria da Gipuzkoan errauskailua egitea. Eta horregatik, «birziklapenaren jendartea» eraikitzeko hartu beharreko neurriak hartu behar ditugu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak errefusaren karakterizazioa egin du. Ikerlan hau aldiro egiten du Aldundiak, eta oraingo foru gobernuak iaz egin zuen urritik abendura bitartean. Hamabi tona hondakin aztertu dira, guztira, lurraldeko hainbat herritan. Helburua: hondakinen errefusean («edukiontzi berdean», alegia, Gipuzkoako herri gehienetan) zer dagoen jakitea. Ondorioak ateratzeko, eta hondakinen kudeaketan neurri egokiak hartzeko, hain zuzen ere.
Datu nagusia, eta adierazgarriena, honako hau da: errefusean utzitako hondakinen %80 inguru birziklagarria da (erdia baino gehiago, materia organikoa). Zer egiten ari gara, gaur egun, horrekin guztiarekin? Zabortegietara bota. Hau da, zabortegietara 200.000 tona hondakin inguru eramaten ditugu urtero, eta haietatik %80 birziklagarriak dira: 160.000 tona. Datu ikaragarria da, edozein logikaren kontrakoa, milaka tona material galtzen ari garelako alferrik, hori berriro ere erabiltzeko moduan gauden arren. Baliabideak urriak dira, agortu egiten dira, eta horregatik, tona horiek guztiak bota eta balio hori galtzea axolagabekeria da. Ildo horretatik, Europar Batasuna material birziklagarri guztiak birziklatzea sustatzen ari da, eta ezer birziklagarririk zabortegietara botatzea edo erraustea debekatu nahi du 2020rako. Horixe da, beraz, egin beharreko bidea.
Ikerketaren ondorioetako bat garbia da: gipuzkoarrok ez dugu errauskailurik behar. Birziklagarria den guztia birziklatzen badugu, Europak agindu bezala, hondakin gutxi geratuko lirateke (40.000 tona inguru urtean), eta kantitate hori erraustuko lukeen edozein planta erabat defizitarioa izango litzateke (eta ez dezagun ahaztu Zubietako planta 240.000 tona erretzeko diseinatu zutela... Hau da, gaur egungo proiektua egingo balitz, material birziklagarria erre beharko genuke derrigor, edo bestela, kanpotik hondakinak ekarri).
Eta beste ondorioa ere nabaria da: birziklatzeko eta jendarte iraunkorragoa eraikitzeko bidean urratsak egiten ari gara, gero eta sendoagoak, baina oraindik ere asko dugu egiteko. Ikerlanak agerian utzi duenez, ehunka tona hondakin birziklagarri botatzen ari gara egunero-egunero zabortegietara. Non hobetu badugu, beraz. Eta nora begiratu ere bai: Europako zenbait herrialdek %70etik gora birziklatzen dute, gurearen bikoitza baino gehiago.
Ildo horretatik, Foru Aldundiak helburu garbiak jarri ditu: 2016rako %60 birziklatzea, eta 2020rako, %75. Helburu egingarriak dira, beste herrialde batzuek lortu dituztenak, eta hondakinen kudeaketa eraginkorragoa, arrazionalagoa eta iraunkorragoa egitea ahalbidetuko liguketenak. Helburuok bat datoz, bete-betean, Europak ezarritako irizpideekin eta lehentasunekin. Baina helburuok lortzeko, eta jendarte arduratsuagoa eraikitzeko, konpromisoa da giltzarria: kolektiboa eta norbanakoena. Instituziook, alderdi politikoek, sindikatuek, komunikabideek, jendartearen eragileek... bide hau lagundu eta sustatu behar dugu: polemika antzuak eta interes partikularrak alde batera utzita, helburu horietara nola iritsi adostu behar dugu denok. Norbanakoon konpromisoa ere ezinbestekoa da. Norberaren etxean hasten da-eta hondakinen kudeaketa egokia: hondakinak gaika bereiziz gero, gauzak ondo egiteko oinarria jarriko dugu.
Janez Potocnik Europako Ingurumeneko komisarioak argi eta garbi esan du «birziklapenaren jendartea» eraiki behar dela. Gipuzkoako Foru Aldundia erabat ados dago ideia horrekin. Horregatik, konpostatzea eta auzo-konpostatzea laguntzen ari gara, zero zabor programak egiten ari gara hainbat esparrutan, kontzientziatzea sustatzen ari gara... Baina jendartea denok osatzen dugu, eta esan bezala, denon konpromisoa behar dugu. Ekin diezaiogun bideari, beraz. Izan ere, %80 birziklagarria da, eta birziklatu egin behar dugu. Baietz lortu!