GARA > Idatzia > Euskal Herria

Azken egunetako ekaitzek mugimendu txikiak eragin dituzte Erreniegako failan

Aste hauetan zehar Nafarroan egindako euri eta elur sarriak eragina izan du Erreniega inguruan, tokiko jarduera sismikoa biderkatuz. 21 mugimendu izan dira azken zortzi egunetan.
p016_f01.jpg

GARA | IRUÑA

Azken asteetan Nafarroa astindu duten elurte eta eurite indartsuak indar tektonikoetan eragitera iritsi direla dirudi. «Diario de Navarra»-k argitaratutako, eta Radio Euskadik zabaldutako informazioen arabera, Erreniegako failaren inguruko mugimendu sismikoek izugarri gora egin dute. Vocento taldeko egunkariak azaltzen duenez, eta teoria hidrosismikoei jarraiki, lurzoruak xurgatutako ur kopuru handiak mugimendu sismikoak eragiteko ahalmena izango luke.

Lurrikara txiki hauek bost herritan bildu dira. Hamaika mugimendu izan dira Utergan, hiruna Adiosen, Biurrun-Olkotzen eta Getzen eta bakarra Legardan. Lurrikara hauek, halere, ez dute indar handirik izan, indartsuena Richter eskalako 2,4 puntura baino ez da heldu.

Eguraldia, txarretik hobera

Hego Euskal Herriko beste tokietan egun zaila izan zen atzokoa, goizaldean egindako elur ugariagatik. Arazo gehienak goiz partean izan ziren, auto istripuengatik. Orduak aurrera joan ahala, egoerak hobera egin zuen, eta arratsalde parterako errepide gehienetan izandako arazoak konponduta zeuden.

Errepide sarea irekita egon zen egun osoan, eta Urduña eta Herrerako portuak bakarrik egon ziren itxita ibilgailu guztientzat itxita. Beste zortzi portuetan debekua kamioietara mugatu zen.

Errepideetako arazo nagusiak denboraleak berak eraginda baino, ibilgailuek izandako istripuengatik sortu ziren. Nabarmenena, Itziarko tunelean izan zen, Bilboko noranzkoan. Hiru autok izandako talkaren ondorioz erreia moztu behar izan zuten, auto-ilarak sortuz.

Kanpazarreko gainean, Elorrio parean, eta Zanbranan, AP-68an, errepidea moztu behar izan zuten, zuhaitz bat erori eta erreiak blokeatu zituelako. Bilbo eta Arrigorriaga arteko bidean ere zenbait arazo sortu ziren, bi auto galtzadatik irten zirelako.

Hirietan egoera ez da horren kritikoa izan. Gasteizen, esaterako, ez dira izan orain dela aste batzuetako arazoak. Orduan, kritika zorrotzak entzun behar izan zituen Javier Maroto alkateak. PPkoak Euskalmeten kontra egin zuen orduan. Atzoko egun lasaia baliatuta, agentzia meteorologikoaren kontra egin zuen Marotok: «Oraingoan eguraldiaren iragarpena egokia izan da, pasa den otsailaren 12an ez bezala».

Beste arloetan, eta hasierako arazoak atzean utzita, egunak normaltasunez egin zuen aurrera. Lakuak aditzera eman zuenez, EAEko ikastetxe publiko guztiak irekita egon ziren, nahiz eta Urretxun, Zumarragan eta Balmasedan zenbait arazo egon.

aldaketa gutxi

Eguraldiak bere horretan jarraituko du bihar. Elur maila 200 metrora jaits liteke goizaldean, baina egunez 500-600 metroan geratuko da. Tenperaturek gora egingo dute zertxobait, 6-8 gradura arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo