GARA > Idatzia > Kultura

«Ikusgarri bat sortzea poesia idaztea bezalakoa dela iruditzen zait»

p040_f02.jpg

Carolyne Carlson

Koreografoa

1943ko martxoaren 7an, Kaliforniako Oakland herrian sortu zen Carolyne Carlson. Dantzaria da, dantza garaikideko koreografoa eta poesia idazlea ere bai. Frantses dantza berriaren ordezkari nagusia da, eta gaur egun, Nord-Pas-de-Calais eskualdean dagoen Roubaix herriko zentro koreografikoko eta Parisko L'Atelier egiturako zuzendaria da. Jatorriz Finlandiakoa du familia.

Ainize BUTRON | BAIONA

«Synchronicity», Carolyne Carlson koreografoaren azken sorkuntza, ikusgai dago egunotan Baionako antzokian. Dantza eta poesia nahasiz, ikusgarri horren bidez bizian zehar gizaki orok bizi ditugun gertakariez gogoeta egitera gomitatu nahi ditu ikusleak Carlsonek. Atzo, dantza ikastaro batera zihoala, koreografoak bere lanaz hitz egiteko tarte bat hartu zuen gurekin. Carlsonen esanetan, dantzak ez du izan behar ederra soilik, ikusleekin ideiak partekatzeko tarte bat ere izan behar du.

«Synchronicity» Carl Yung sikologoak asmaturiko termino bat da. Zergatik aukeratu duzu zure azkeneko obraren izenburutzat?

Yung psikologoaren diskurtsoa asko gustatzen zait, eta bereziki, «synchronicity» gaiak liluratzen nau. Koreografia honetan, magiaren bidez bizi bat kontatzen da. Guztion bizietan gertakari garrantzitsuak ditugu: topaketak, elkarrizketak, amodioak, heriotzak eta oinazeak.

Nola landu duzu obra?

Hamasei taulatan banatua da ikusgarria, eta bakoitzean gai ezberdin bat jorratzen da. Gure memoria irudikatzen duen eta astiro doan pelikula baten proiekzioarekin hasten da. Horregatik, ikusgarri hau aipatzen dudalarik, ez dut dantza ikusgarri bat dela esaten, baizik eta poesia bisuala dela. Asko gustatzen zait nozio edo ideia nagusi batzuen inguruan lan egitea. Gaur egun, dantzari guztiek dakite oso ondo dantzatzen. Keinuak eta dantza urratsak oso ederki egiten dituzte. Horregatik, dantzatik harago joatea gustatzen zait, ikusleekin ideiak partekatuz. Nire xedea ez da dantza eder bat eskaintzea. Ikusleak inarrosi nahi ditut, etxera sakoneko esperientzia batekin itzul daitezen.

Zer erran nahi duzu horrekin: zuretzat, dantza, poesia bisuala dela?

Bai. Liburuak idazten ditudanez, koreografia bat sortzea poesia idaztea bezalakoa dela iruditzen zait. Olerkiak bezala, nire koreografiek ez dute istorio bat kontatzen: irudiari eta pertzepzioari ematen diot garrantzia. Emozioa azaldu daitekeen zerbait da, hautematea berriz, ezin da hitzekin adierazi. Olerkietatik oso hurbil geratzen naiz beti.

Filosofia eta dantza oso hurbil dira zuretako...

Filosofia bizia bezalakoa da. Bizian zehar, hainbat gertakari izaten dira. «Sinchronicity»-k biziaren iraunkortasuna ere aipatzen du. Bizia aldakorra da, eta dantzarekin bezala, heldu zaigun bezala hartzen dugu. Ikusgarri bat egiten dugularik, hortik geratzen den gauza bakarra memoria da.

Musika ezberdinekin lan egiten duzu. Azkeneko horretan, Leonard Cohen, Henry Purcell edo Bruce Springsteen entzuten dira...

Musika baliatzen dut ikusgarriari indarra gehitzeko.

Aipatu duzu inprobisazioa. Ikusgarriak sortzen dituzularik zer leku dauka inprobisazioak?

Lehenik ideia daukat, eta horren araberako margolanak eta olerkiak aukeratzen ditut. «Synchronicity» hitzak, esate baterako, elkartze edo topaketa bat adierazten du, beraz, konpainiako kideekin biziaren momentu garrantzitsuez mintzatzen aritu gara eta inprobisazioak egin ditugu. Horien emaitza da ikusgarria. Esate baterako, konpainian daukagun Albaniako dantzari baten esperientzia agertzen da taula batean. Estatu frantsesean bizitzea oso zaila zaio bere nortasuna galtzen duela iruditzen zaiolako, eta hori aipatzen du. Nire aldetik, Parisko Operara gomitatu nindutelarik oso momentu garrantzitsua izan zen nire bizian, eta hori ere agertzen da.

Bederatzi urte daramazkizu Roubaixeko koreografia zentroko buru bezala. «Synchronicity» zure azkeneko sorkuntza izango da zentro horrekin....

Ez, bakarkako ikusgarri berri bat egin dut. «Dialogue avec Rothko» du izena. Mark Rothko asko gustatzen zait. Duela bi urte Parisko Beaubourg museoak margolari bati buruz testutxo bat idazteko eskatu zidan, eta nik Rothko aukeratu nuen, eta horrekin, obra bat landu dut. Roubaixeko koreografia zentroan eman didaten lan hori oso opari ederra da. Niretako, beste sinchronicity momentu bat izan da hori, hau da, ahantzi ezinekoa. Ez nuen sekula pentsatuko horrelako zentro baten burua izaten ahalko nintzenik, baina dena oso ondo doa. 2014an Parisko Théâtre Chaillotentzat eta Bordeleko Operarekin sorkuntzak egingo ditut. Proiektu asko dauzkat oraindik...

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo