Euskaltzaindiak hamalau euskaltzain urgazle berri izendatu ditu
GARA | DONOSTIA
Euskaltzaindiak hamalau euskaltzain urgazle berri aukeratu ditu euskararen alde lan egin dezaten. Horiek guztiak aspalditik ari dira lanean akademiaren atal desberdinetan.
Erakundeak prentsa oharrean azaldutakoaren arabera, pasa den ostiralean egin zuten osoko bilkuran izendatu zituzten euskaltzain urgazle berriak. Iñaki Aldekoa unibertsitateko irakasle eta euskal literaturaren inguruko zenbait ikerketen zuzendaria da horietako bat. 2011z geroztik Euskaltzaindiko idazkariordea den eta Bizkaiko AEK-ko arduradun ohia den Erramun Osa ere euskaltzain urgazle izendatua izan da.
Beste honako hauek ere izendatu dituzte urgazle: Iñaki Amundarain eta Beatriz Fernandez euskal filologoak, Nagore Etxebarria euskal ikaskuntzetan lizentziatua eta Kaxildo Alkorta Filosofian lizentziaduna.
Juan Gartzia idazle eta itzultzailea, Elhuyarko kidea den Antton Gurrutxaga -Hiztegi Batuaren sorkuntzako lantaldeko eta Elhuyarko zientzia eta teknologia hiztegiaren proiektuaren kidea-, unibertsitateko irakaslea den Patxi Juaristi eta EAEko Liburutegien Aholku Batzordeko kide den Gerardo Luzuriaga dira beste urgazle berri batzuk.
Horiez gain, Elena Martinez de Medina (Euskal Filologian lizentziaduna eta ikerlaria), Laudioko hizkuntza normalizaziorako teknikaria Felix Mugurutza, Bilboko Udalean itzultzaile lanetan ari den Manu Ormazabal eta EHUko irakaslea den Iratxe Retolaza.
Aurreko aldia, 2006an
Guztira 146 euskaltzain urgazle ditu akademiak gaur egun. Urgazleak izendatu zituen aurreko tanda 2006ko maiatzean izan zen. Aldi hartan 35 euskaltzain urgazle berri izendatu zituzten zientzia, irakaskuntza, kazetaritza, hizkuntzalaritza, bertsolaritza, itzulpengintza, bibliotekonomia edota literatura arlokoak, eta horien artean zeuden, besteak beste, Ur Apalategi, Andoni Egaña, Laura Mintegi, Joxemari Iturralde eta Miren Agur Meabe.