GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

Ñapurrak taldeak txapela lortzeko moduan dagoela erakutsi nahi du

J.L.

Astebeteko atsedenaren ostean, berriro itzuliko da Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketa. 600 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da mutiletan, eta 500 kiloko lehenengoa, nesketan.

Gizonezkoetan, hamaika talde neurtuko dira bi multzotan banatuta, eta bakoitzeko postuaren arabera bestekoaren aurka neurtu beharko dute, amaierako sailkapena finkatu ahal izateko.

Ibarra, Abadiño, Ñapurrak, Murueta, Amaiur, Baiona, Basaburua-Imotz, Sokarri, Txantrea, Iparralde eta 6 Conceyos neurtuko dira. Lehen jardunaldian Ñapurrak taldea sailkatu zen lehen postuan, eta hori kasualitatea ez zela izan baieztatu nahiko du gaur, nahiz eta lehen helburua finalerako txartela lortzea izango den. Hala ere, azken saiora aurreko biak irabazita joateak konfiantza handia emango die.

Ibarra eta Abadiño sailkatu ziren atzetik, eta garbi dago gaurkoan ere bi talde hauek izango direla lapurtarren aurkaririk gogorrenak, baita azkeneko jardunaldian, txapela erabakitzeko orduan ere.

Neskak

Emakumezkoetan jokatuko da 500 kiloko lehen jardunaldia. Hemen hiru talde besterik ez dira lehiatuko, eta ligaxka moduan arituko dira.

Ibarra, Badaiotz eta Bizindar neurtuko dira. Aurreko pisuan, 540koan, alegia, sekulako lehia izan zen Badaiotzen eta Ibarraren artean. Lehen bi jardunaldietan berdinduta amaitu zuten, eta gipuzkoarrek azkenekoan erabaki zuten.

Oraingoan ere bi taldeak dira faboritoak, eta gauzak asko okertzen ez baldin badira, bien arteko dema ikaragarria izan daiteke. Bizindar bi talde hauen atzetik dago, berriagoa ere bada, eta hori nabaritzen dute. Jakin badakite hirugarren postutik ihes egitea ezinezkoa dela, baina bai Ibarra bai Bizindar estutu nahi dituzte. Bi saioak bihar jokatuko dira Urdulizko pilotalekuan, 11.30etik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo