GARA > Idatzia > Mundua

Independentzia gerratik, indarkeria bolada handiena bizi du Bangladeshek

1971ko independentzia gerran ustez egindako krimenengatik buruzagi islamista bati ezarritako heriotza zigorrak azken 40 urteetako biolentzia olde handiena piztu du Bangladeshen. Gutxienez 43 pertsona hil dira eta Gobernuak manifestazioak debekatu ditu.

p023_f01.jpg

GARA | DHAKA

Delwar Hossain Sayedee buruzagi islamistari heriotza zigorra ezarri izanak haserrea piztu du Bangladeshen. 1971n, independentzia gerran, hainbat krimenetan buru izatea egotzi zioten ostegunean. Bat eta hiru milioi pertsona artean hil ziren Pakistanen aurkako gerran eta ehunka mila emakume bortxatu zituzten. 2010ean, Nazioarteko Zigor Auzitegia martxan ipini zuen Gobernuak independentzia gerran Pakistanekin kolaboratu zutenak epaitzeko. Giza eskubideen defentsan lanean ari diren taldeek epaimahaiak ez dituela nazioarteko irizpideak betetzen ohartarazi dute.

73 urteko Sayedee, Jamaat-e-Islami mugimendu islamistako lehendakariordea eta legebiltzarkidea, bi alditan urkatuta hiltzera zigortu zuen epaimahaiak, hilketak, bortxaketak eta hinduak islamera bihurtzera behartu izana leporatuta.

Orotara, Jamaat talde politikoko bederatzi buruzagi, tartean Sayedee, eta Bangladesheko Alderdi Nazionaleko bi kide ikertzen ari da Zigor Auzitegia.

Otsail hasieran, Jamaateko beste buru bati, Abdul Kader Mullah-ri, biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta urtarrilean, Abul Kalam Azad hiltzera zigortu zuten gizateriaren kontrako krimenak leporatuta. Independentzia onartu ez arren, krimenik ez zutela egin esan du beti mugimendu islamikoak.

«Heriotza zigorra ezarri diote. Herriaren garaipen bat izan da», adierazi zuen Sayed Haider Ali akusatzaile publikoak. Epaiak Pakistanen aldeko milizien ondorioz senideak galdu zituztenei zor zaiena aitortzen diela aditzera eman zuen.

Sayedeek, ordea, erabakiaren aurka egin zuen «ateoen» gauza zela esanez, eta epaiketa «politikoa» izan zela salatu zuen.

Bere jarraitzaileak berehala atera ziren kalera, Bangladesheko hiri garrantzitsuenetan manifestazioak antolatuz. Gobernuaren aldekoek aurka egin zieten. Istiluetan gutxienez 37 lagun hil ziren, gehienak ostegunean. Atzo, gidari bat hil zuten Gaibandha barrutian, iparraldean.

Indarkeria testuinguru horretan, bi polizia kolpeka hil zituzten eta lehergailu batek oinezko bat hil zuen Dhaka hiriburuan. Agintariek manifestazioak debekatu zituzten eta meskiten inguruan segurtasuna areagotu zuten; 10.000 polizia inguru kaleratu zituzten.

«Adi egon behar dugu. Jamaat eta bere jarraitzaileak anarkia egoera sortu nahi dute Bangladeshen. Ez diegu utziko demokrazia apurtzen», nabarmendu zuen Quamrul Islam Justizia ministroak.

kritika

Jamaat-e-Islami talde politikoak Sheikh Hasina lehen ministroari beraien kontrako kanpaina abian ipini izana leporatu zion eta bere jarraitzaileei meskitetan otoitz egitera dei egin zien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo