GARA > Idatzia > Kultura

«Preguntatxo bat» eginez, askatasunez heldu dio tradizioari Igelaren Banda eraberrituak

p052_f02_199x108.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Bixente Martinezek bidaide berriak topatu ditu Igelaren Bandaren etapa honetarako. Hasier Oleagak (bateria) eta Amaiur Cajaravillek (kontrabaxua) hartu dute 2000. urte inguruan Txarli de Pablok eta Iñigo Egiak Martinezekin batera abiatu zuten abentura honen lekukoa. «Preguntatxo bat» (Elkar) deitu diote atzo aurkeztu zuten bigarren diskoari eta hamahiru kantu bildu dituzte bertan. Euskal musika tradizionala dute oinarri, baina askatasun osoz egin dituzte bertsioak. «Beti esaten dut maitasun osoz egiten ditugula bertsioak baina errespetu gutxirekin, askatasun osoz», argitu zuen Martinezek. Kantuen osaketa horretan, inprobisazioak toki garrantzitsua hartzen du, «gure jotzeko modura egokitzen ditugu».

Kantuek badute jazzetik, badute folketik, baina baita popetik edo etnikotik ere. Instrumentalak dira guztiak eta gehienek istorio bat dute atzean. Horren adibide «Okerreko bidetik». Otxandio inguruko ume kanta bat dela azaldu zuen Martinezek. Kostatik Errioxara eta bueltako bidea egiten omen zuten astozain eta astoek. Itzulerakoan ardoak ez zien gehiegi laguntzen bidea gogoratzen -astozainei, eta batzuetan astoei ere ez- eta istorio hori musikara ekarri du Igelaren bandak. «Musikalki ondo jotzen hasten gara eta gero bakoitza bere bidetik abiatzen da. Kaosa sortzen da momentu batean eta hirurok zentzu guztiak jarrita kantura bueltatzen gara».

Diskoari izena ematen dion kanta, «Preguntatxo bat», berriz, Arantzazuko erromesaldietan kantatzen ziren kopletatik dator. «Guk ere hori egiten dugu jotzeko orduan, `preguntatxo' bat. Nondik eramango dugu gaur kantu hau?».

Xabier Leteren «Habanera» eta Joxan Artze eta Mikel Laboaren «Martxa baten lehen notak» kantuen bertsioak ere sartu dituzte omenaldi modura eta Martinezek sortutako «Gora errepublika» konposizio berriaren bi bertsio ere bai.

Diskoa aurkezteko, apirilaren 5ean Gasteizen arituko dira, maiatzaren 23an, Bilbon, eta ekainaren 15ean, Deustun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo