Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Idazlearen ahotsa (IV)
Kingen kasuan, armen jabetza eta erabilera arautu egin behar dela adierazi zuenean, idazlea jokabide etiko bati heltzen ari zitzaion. Alegia, armak bizitzak kentzeko tresnak diren aldetik ezin da horien gainean diskurtso baikorrik eraiki (bizitzak salbatzeko baliagarriak direla esatea ¯erasoren bat gertatuz gero¯ demagogia hutsa da). Baina, esan bezala, idazlea eta, oro har, sortzailea ez da beti ikuspuntu etikoen defendatzaile. Maiz hitz egin da Celineren anti-semitismoaz, esaterako. Amir Eshel irakasleari entzun nion duela egun batzuk jarrera ez-etikoena azaltzen duen testuak ere eragin baikorra izan dezakeela irakurlearengan, azken hau gai baldin bada testua modu kritikoan epaitzeko. Hots, testu jakin batek tortura defenda dezake («Zero Dark Thirty» filmak egiten duen bezala), baina gu horretaz jabetzearen bidez modu eraikitzaile batean erabil dezakegu hura (filma torturaren gaineko eztabaida sustatzeko baliatuz, esaterako). Eshel fikziozko testuez ari zen, ez egile jakin batek egindako adierazpenez, baina esango nuke irakaslea bat etorriko zela haiek ere kultur adierazpenen barruan sartuta. Eshelen ereduak, baina, jasotzailearen jarrera kritikoa aurreikusten du. Are gehiago, testu orok eragin baikorra izan dezakeen teoriak jasotzailearen jarrera kritikoaren presuntziopean bakarrik funtzionatzen du. Ez nator bat masa komunikabideek gizabanakoa alienatu egiten dutela defendatzen duten teoria apokaliptikoekin, baina horrek ez du esan nahi jasotzaile guztiek jarrera kritikoa aurkezten dutenik. Kultura kontsumitzeko eta erabiltzeko hamaika modu daude, eta «eskapismoa» horietako bat da.