GARA > Idatzia > Kultura

Gizartearen eskaerarekin bat egingo dute Bizkaiko bertsolariek Etxeratek antolaturiko saioan

Gernikako Jai Alai pilotalekuak hartuko du presoei elkartasuna adierazteko antolaturiko saioa martxoaren 17an. Paia anaiek, Amurizak, Elortzak, Iturriagak, Estiballesek, Uriak, Lekuek eta Enbeitak jardungo dute.

p053_f01_98x97.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Gernikako Jai Alai pilotalekuak hartuko du, martxoaren 17an, igandea, «Etxean nahi ditugu» lemapean Etxeratek antolaturiko bertso saioa. Bizkaiko Bertsolarien izenean, Onintza Enbeitak eta Fredi Paiak «gizartearen eskaerarekin» bat egin eta beren «hondarra» ipini nahi dutela adierazi zuten.

Preso, ihes eginda eta deportatuta dauden senide zein lagunen egoera eta testigantzak plazaratzea eta zabaltzea ez ezik, Etxerat elkartearen eguneroko lanerako diru-laguntza lortzea du helburu Gernikako saioak.

Oiartzun eta Gernika

«Etxerat elkarteak urtero antolatzen du Oiartzunen preso, iheslari, eta deportatuei elkartasuna adierazteko bertso saioa. Aurten beste pauso bat eman, eta Bizkaian ere bertsoa eta elkartasuna uztartuz lehen aldiz bertso saio paregabe bat antolatzera ausartu gara», esan zuen elkarteko Lourdes Aritzagak. «Batere samurra ez den errealitate krudela bizi dugu guztiok, eta uste dugu honelako ekimenek errealitate hau gizarteratzeko aukera bikaina ematen dutela», gaineratu zuen.

Iritzi berekoak dira Bizkaiko bertsolariak, Fredi Paia eta Onintza Enbeitaren bidez mintzatu zirenak atzoko aurkezpenean. Fredi Paiaren esanetan, «logikari eta koherentziari» eutsita prestatu dute saioa, Bizkaiko zein Euskal Herriko bertsolariek «arazo hau konpontzeko inplikazioa» erakutsi baitute.

Ildo horri eutsiz egin zuen berba Onintza Enbeitak, «euskal presoak etxera ekartzea, inoiz baino gehiago, gizartearen eskaera» dela nabarmenduz.

Xabier Amuriza, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Jone Uria, Fredi Paia, Xabi Paia, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta egungo Bizkaiko txapelduna, Arkaitz Estiballes, puntako bertsolariak arituko dira saioan.

Sarrerak 10 eurotan daude salgai, aurretik erosiz gero, Gernikako Auzokoan eta Arranon, Bilboko Zazpi Kaleetako Herrikon, Durangoko Plateruenan eta Markinako Txokoan.

Euskara ikasleak bertsolaritzara hurbiltzeko asmoz, 25 saio izango ditu Bertso Korrikak

AEK-k eta Bertsozale elkarteak elkarlanean Bertso Korrika zikloa antolatu dute bertsolaritza euskara ikasleei hurbiltzeko asmoz. Korrika Kulturalaren baitan, Euskal Herri osoko 25 herritan egingo dira saioak eta, aurretik, euskara ikasleek gai-jartzaileekin euskaltegietan landuko dituzte bertako edukiak. «Helburua argia da: euskara ikasleak lehen aldiz bertso saio bat entzutera erakartzea eta ahal dela saioarekin gozaraztea, etorkizunean bertso-zaletu daitezen», azaldu zuen atzo Beñat Vidalek, Bertsozale elkarteko kide eta AEK-ko Mintzapraktika arduradunak.

Ehun bertsolarik, 25 bertso-eskolak eta hogei gai-jartzailek hartuko dute parte Bertso Korrika ekimenean. Ikasleek bertso saioan aurkituko dituzten edukiak euskaltegian landuko dituzte: bertsolariak ezagutu, saioan egingo diren ariketak azaldu, bertsoa sortzeko prozesua irakatsi... eta ikasleek eurek ariketen prestaketan parte hartuko dute. Modu honetan, euskara ikasleei bertsolaritzara hurbildu eta gozatzeko aukera eskaini nahi die Bertsozale elkarteak. Iñaki Murua lehendakariak azaldu zuenez, «bertsozaleak eta bertsolari onak ere eman dizkigu euskalduntze mugimenduak. Bertsolaritza munduan asko dira etxetik euskara jaso gabe bertsolaritzarainoko bidea egin dutenak». Bertso saioak publiko guztiari irekiak izango dira. «Bertso saioa euskal hiztunekin elkartzeko lekua da ikasleentzat», esan zuen Edurne Brouard Korrikako arduradunak. Saioen antolaketa tokiko bertso-eskolen esku egon da eta plazaz plaza dabiltzan bertsolariekin batera, hasiberriei ere aukera emango zaie saio hauetan. Saioak abiatu dira jada. Gaur Kanpezun eta Markina-Xemeinen izango dira. Agenda ikusteko, www.korrika.org-era jo daiteke. A. ARRUTI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo