Nafarroako eta Arabako finalaurrekoak izango dira asteburuan
GARA | DONOSTIA
Gaur arratsaldean Dulantzin izango den bertso saioan erabakiko da zeintzuk izango diren Arabako Bertsolari Txapelketako finalean. Azkenengo finalerdi honetan Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Irati Anda, Ruben Sanchez eta Jagoba Apaolaza arituko dira. 18.00etan hasiko da saioa Kultur Etxean eta Marta Ugarte arituko da gai-jartzaile.
Euren saioak irabazita, Asier Otamendik eta Manex Agirrek ziurtatuta dute dagoeneko martxoaren 16an Gasteizen ospatuko den finalerako txartela. Guztira sei bertsolari izango dira finalean eta gaurko irabazlearekin batera, gelditzen diren beste hirurak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.
Gaurko sarrerak 6 eurotan izango dira; 4 eurotan, bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat.
Atarrabian eta Etxarrin
Nafarroan, berriz, gaur ekingo diete finalaurrekoei. Bi saio egingo dira asteburu honetan: lehenengoa, gaur Atarrabian eta, bigarrena, bihar Etxarri Aranatzen. Finala datorren larunbatean erabakiko da Elizondon egingo den hirugarren finalaurrekoan.
Atarrabiako saioa 17.30ean hasiko da, kultur etxean. Bertan, Julio Sotok, egungo txapeldunak, lehenengo saioa izango du aurten. Gainerakoak final laurdenetan sailkatuak dira: Oskar Estanga, Erika Lagoma, Iñigo Olaetxea, Iñaki Aleman eta Joxema Leitza. Estitxu Fernandezek aurkeztuko du Saioa.
Bihar, berriz, Etxarri Aranatzeko kultur etxean arituko dira bertsolariak ordu berean. Sei bertsolari izango dira bihar ere: Eneko Lazkoz, Xabier Silveira, Jon Barberena, Eneko Fernandez, Ander Fuentes Itturri eta Josu Sanjurjo. Alaitz Rekondok aurkeztuko du saioa.
Sarrera zortzi eurokoa izango da; bost eurotan, Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Leihatila 16.00etan zabalduko dute. Finalaurrekoetako lehenak zuzenean sailkatuko dira finalera; gainerako bostak, puntuazioaren arabera.