GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zauritutako animalien zaintzarako zentroak kinkan, ezagutza ezagatik

Saiak, ugatzak, igarabak, baita txantxangorriak, urtxintxak edo sagarroiak ere; horiexek urtean zehar Uztaritzeko Hegalaldia zentroak zaindu eta berriz ere naturara itzultzen dituen animaliak. Hamahiru urtez lanean aritu ondoren, botere publikoen engaiamendu ezagatik, ateak itxiko ditu.

p022_f01_250x136.jpg

Ainize BUTRON

Hegalaldiak, txori eta ugaztunen zainketa zentroak, bi hilabeteren buruan 84.000 euro lortzen ez baditu, ateak itxi beharko ditu. Hala iragarri zuten berrikitan zentroko arduradunek. 2002an, «Prestige» petrolio-ontzia urperatu zelarik, kutsatutako hegaztiak zaindu zituelako ezagutza publikoa jaso zuen elkarteak. Alta, hamahiru urte darama, asteko zazpi egunetan, animalia zaurituak artatzen.

«Gizakiaren eraginez zaurituriko txoriak biltzen ditugu gehien bat», argitu du Stephane Maury elkarteko arduradunak. Autoek kolpekaturik, itsas zaborrak irentsirik, pozoiturik edo petrolioz kutsaturik iristen zaizkie zentrora ekartzen dizkieten hegazti eta ugaztunak. Hamahiru urtez horretan lanean aritu ondoren, Hegalaldia ateak ixteko arriskuan dago. Joan den ostiralean, hamar bat lagun elkartu ziren Biarritzen, jendea egoeraz ohartarazteko. «Milaka animalia gehiago hiltzekotan!» esaldia zeraman pankartarekin agertu ziren hirian, elkartearen izena, Hegalaldia, hilobi baten barnean irudikatua azaltzen zutelarik.

2012 hasieran, Hegalaldiak diru-laguntzak murriztu zizkiotelako kinka larrian zegoela jakinarazi zuen, eta urte bukaeran langile bat kanporatu behar izan zuen. Gaur egun, 50.000 euro ditu bankuan, eta hilabete baten buruan 84.000 euro lortzen ez baditu, beste bi langile kanporatu beharko ditu.

«84 hautetsi gomitatu ditugu gure egoitzara, daramagun lana erakusteko, baina, soilik hamar hurbildu zaizkigu, eta jadanik sostengatzen gaituztenak dira», argitu du Mauryk. Elkarteko langileen ikuspegitik, argi da, «botere publikoak ez dira inolaz ere axolatzen» elkarteak daraman lanaz. Alta, Uztaritzeko zentroa ez da Estatu frantsesean ixtekotan dagoen zentro bakarra. Frantses Ekologia Ministerioak diruz laguntzen ditu fauna basatia babesteko zenbaketa, sentsibilizazio eta kudeaketa lanetan ari diren egiturak, baina zaintza zentroei ez die ezagutzarik ematen. «Espezie batzuentzat animalia bakar bat salbatzeak ere espeziearen etorkizunean ondorioak ukan ditzake», nabarmendu du Mauryk.

Hegalaldian babespean diren ugatzak edo itsas igarabak zaintzen dituzte, baina baita hontzak, apoarmatuak, urtxintxak eta beste hainbat txori eta abere ere. Urtean zaintzen dituzten mila animalien artean ehun bat babestutako espezietakoak dira. Horiekin badituzte ere hegazti enblematikoak edo desagertzeko zorian daudenak.

«`Prestige'n garaiak bukatuak dira. Garai horretan denek nahi gintuzten lagundu, baina, jakin behar da marea beltzik gabe ere, urtero zauriturik dauden milaka animalia artatzen ditugula. 2013 urte iluna izango da gure elkartearentzat», salatu du. Pirinio Atlantikoko departamenduan, Uztaritzekoa da zaurituriko animaliak zaintzen dituen zentro bakarra. Elkarte moduan antolatua, hirurehun kide ditu, eta lanaren zati handi bat laguntzaileek egiten dute.

Hautetsiei deia

Hegalaldiak neurriak hartuko ditu, beraz, zentroa bat-batean ez ixteko. Gauzek dauden moduan jarraitzen badute, bi langile kanporatuko ditu, eta ondorioz, zentroa astean hiru egunez soilik irekiko da. Bestalde, Ekologia Ministerioak plazaratzen duen espezie arraroen zerrendan dauden hegaztiak Gobernuaren diru laguntzaren truke zainduko dituzte. Zauritutako hegaztiak jasotzen jarraituko duten arren, herri berean urtean bost hegazti baino gehiago biltzen badituzte, diru-laguntza eskatuko dute. «Laguntza ematen ez badigute, ez ditugu gehiago xoriak onartuko», bukatu du. Lekuko auzapezei laguntzeko deia egin diete elkarteko kideek, ez dezaten zentroa ixten utzi. Azkenik, Estatu frantseseko zentro guztien biltzar nagusian Frantzia mailako ekintzak finkatuko dituzte.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo