GARA > Idatzia > Kultura

haur eta gazte literatura

Bizitzak bere magia

p054_f03_61x93.jpg

Asun AGIRIANO

Mariasun Landaren liburuak euren artean desberdinak dira, bakoitzarekin bide berriak sortzen baititu; erronka dira irakurlearentzat, beti dakarkigute-eta zerbait berria.
Atsegin dut, idazle honek ez gaituelako sekula inozotzat hartzen, kontakizuna bi aldiz irakurtzeko gonbita egiten digu, begirada pausatzeko eskatu, eta bere nahia da liburuan planteatzen den gatazka ulertzen saia gaitezen.
“Maitagarria eta desioa”-ren hasierako eskaintza bereziak samur kokatzen gaitu testuinguruan, eta aurreratu narrazioren ildoa. Planteamenduan haur eta gazteen imaginarioan jarraitzen duten elementuak erabiltzen ditu –sorginak, nahiak–, eta fantasiazko osagarriak errealismoarekin batzen ditu. Kontakizunean sinbolismoaren pisua nabarmena da, irakurle batzuek esanahi sakonak aurkituko dituzten bitartean, «arriskutsua da desio dugun guztia berehala lortzea», beste batzuk, magia kontuak direlakoan, plazerez eta irribarretsu murgilduko dira istorioan.
Ahozko narrazioetatik gertu, idazleak maitagarrien ipuinak eta gaurko gizartearen pasadizoak uztartzen ditu. Sorginen ohitura misteriotsuak jantokiko lanaren nekearekin, gertaera ezohikoak bizitzaren arazo eta zailtasunekin. Horrela, bada, gazteen kezkatik gertuago kokatzen da istorioa. Esaterako, neska protagonista, bere burua gobernatzeko gogoa izan arren, erabakiak hartzea zein zaila den konturatzen da, «lanbide bat aukeratu, independizatu eta bere bizitzaren jabe izateko aukera emango dion ogibideari ekin». Ezbai izeneko neskatilak, denboran zehar, ziurgabetasuna, amodioa eta heriotza zer diren ezagutuko du.
Denboraren kontzeptuak espazio berezia hartzen du kontakizun osoan. Maitagarriak egunero bisitatzen badu ere, Ezbaik estualdi larrienetan ere ez dio mesederik eskatuko. Soilik desiratzen du hurrengo egunean ere etor dakion; alegia, bizitzen jarraitu nahi du. Maitagarriak zahartzarora iristeko aukera ematen dio, denborarekin jolasteko. Fantasia-testuinguruan, baina errealitatean kokatua. Bitartean, irakurketak emozioak eragin eta erantzunik gabeko galderak sorrarazten dizkigu. Narrazio labur honetan testuak erritmo arina hartzen du, denbora markatzeko esaldia hainbestetan, hamahiru aldiz, errepikatu arren.
Argitaletxeak bildumatik kanpo dagoen liburua aurkezten digu edizio zainduan, azal gogorra eta letra-tipo ezberdinak dituela, batzuetan ondo irakurri ez eta nahasgarria den tipografia erabiltzen bada ere. Irudimen eta fantasiaren estetika bitxiaz esploratu du Maite Gurrutxagak marrazkiak egiteko gonbita; lengoaia propioaz ausartzen da, azalera handiko ilustrazioekin zein txikiagoekin. Urdin kolorea nagusi da, baita izenburuan bertan, hitzak bata bestearengandik bereizi nahian-edo.
Nortasun literario handiko Mariasun Landa idazlearen eskutik inoiz ez zaizkigu gauzak esplizituki kontatuko, sekula ez istorio hutsalak aurkeztatuko. “Maitagarria eta desioa” liburuan, bai istorioan baita marrazkietan ere, ñabardura berriak topatuko ditugu irakurraldi bakoitzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo