NARRATIbA
Ireki ateak
Iban BALERDI
Esan bezala, hiru ardatz desberdin topatuko ditugu liburuan zehar. Batetik, Londresen bizi den Stuart ezagutuko dugu, aurrez gaitzesten zuen finantzen munduari gero eta estuago lotzen zaion exekutiboa. Bestetik, Andreas arkitektoa dugu, Bauhaus mugimenduaren jarraitzailea, Berlingo Hilton berri baten diseinua egiten bukatuko duena. Azkenik, Bartzelonan bizi den Naroa kazetari euskalduna, lanarekin baino, bikotekidearekin duen harremanaz desengainatuago sentitzen dena. Noski, horien guztien inguruan beste hainbat pertsonaia agertzen dira, gehienetan eleberriak erakutsi nahi duenerako ondo zehaztu eta moldatuak.
Hiru istorio, hiru pertsonaia, hiru kokaleku diferente ... baina liburu bakarra. Egia esan, hiru ipuin luze ere izan zitezkeen; gai bertsuaren gainekoak, hala ere. Gustatu zait idazleak aukeratu duen moldea, hiru hariak jarraitzen baitira interesez eta ez dagoelako nahasteko beldurrik. Antzekotasunak agerikoak direnez, batetik besterako jauziak ez dira arrotzak gertatzen. Gainera, istorio bat lehen pertsonan kontatzen den bitartean, beste baterako bigarren pertsona erabiltzen du, eta azkenengorako, hirugarren pertsona.
Dena dela, liburu hau benetan interesgarri egiten duena, hogeita hamar urteren bueltan dabiltzan pertsonengan egungo eredu sozial eta ekonomikoak sortzen duen ezgaitasuna da, eta ametsen eta pragmatismoaren arteko dikotomiak dakarren galtzaile izatearen sentsazioa. Hauek damutzen direnak lirateke. Damurik ez dutenek, berriz, zoriontsu eta aske joko lukete aurrera, indibidualtasuna beste ezeren gainetik goresten den munduan irabazle bailiran. Tartean, hainbat gairi buruz aritzeko beta ondo baliatzen du idazleak, testuinguru nahiz sostenguak egokiak baitira, hala nola, sexuaren aparteko balioa, harreman pertsonalen bateraezintasuna, hirien gentrifikazioa, oroimenaren izaera apetatsua, jaiotzatiko kristalezko sabaia ...
Laburbilduz, lehendabiziko nobela ederra sortu duela iruditzen zait. Arin irakurtzen bada ere, azaltzen diren kontuek zer pentsatua ematen dute. Horrez gain, formatua ere oso bisuala da, beharbada autoreak ikus-entzunezkoen gainean erakusten duen gustuaren seinale. Honen harira, aipagarria da Woody Allen-en filmez diharduen pasartea, oso gustuko izan dudana bere bizitasun eta indarragatik. Jarraipena izan dezala haize fresko ufada honek.