GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Langabeziaren joera geldiezina ez da normala

Langabezia tasak beste errekor bat hautsi du, beste errekor triste bat. Dagoeneko 234.000tik gora langabe daude Hego Euskal Herrian, aurreko hilean baino 3.652 gehiago. Hileroko langabezia datuak kezkagarriak dira aspalditik, gero eta kezkagarriagoak. Inor ez du ustekabean harrapatzen langabezia tasak gora egiteak; aitzitik, krisiaren hasieratik gutxienez bost urte igarota, joera hori normaltzat jotzeko arriskua dago, gizarte baten gainbehera normaltzat jotzekoa, alegia.

Geldiezina da langabeziaren joera, are gehiago ustez enplegua sortzeko ezarritako neurriek kontrako eragina izan dutelako. Krisiaren hasieran kapitalismoak irregulartasunak zuzentzeko mekanismoak dituela zioten. Baliteke. Horietako bat, botere ekonomikoek botere politikoa bere esanetara izatea, eta esandako neurriak erakusgarririk nabarmenena dira. Krisiaren kostua itzela da, baina gezurra da denek ordaintzen dutela kostu hori. Larrutik ordaintzen ari dira azken hilean lana galdu dutenak, lan baldintza gero eta kaskarragoak dituzten langileak, gero eta zerbitzu publiko eskasagoak dituzten herritarrak... gehienak, alegia. Baina ez denak. Bakan batzuek beren pribilegioei eusten diete kostu ikaragarri hori ordaintzen ari direnen bizkar. Zoritxarrez, ohikoak dira atzo jakinarazi zituzten langabezia datuak, baina normalak, inondik inora ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo