GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal nazionalismoaz esandakoak zuzentzeari uko egin dio De Andresek

p015_f02.jpg

GARA | GASTEIZ

Javier de Andres Arabako diputatu nagusiak uko egin zion atzo orain dela bi aste euskal nazionalismoaren gainean egin zituen adierazpenak zuzentzeari, Efe agentziak jaso duenaren arabera. Are gehiago, berretsi egin zuen ideologia hau «ez dela bateragarria mundu modernoarekin». Hori erantzun zuen Batzar Nagusietan, EAJk eta Bilduk egindako interpelazioaren ostean. Jatorrizko adierazpenak joan den otsailaren 13an egin zituen, Bilbon antolatu zen Forum Europa hitzaldi batean.

Bilboko hitzaldi hartan, De Andresek erantsi zuen euskal nazionalismoa izan dela «hainbat urtetan» Euskal Herria «pertsona jakin batzuentzat» erakargarria ez izatearen eta bertatik «jende askok» alde egitearen erantzule. Beraren ustez, horrek baldintzatu zuen EAEn demografiaren beheranzko joera.

Bere adierazpenak iritzi «politikoa» direla nabarmenduta, gehitu zuen nazionalista batek ez duela beste batek baino errespetu gehiago edo gutxiago merezi, «errespetu osoa» baizik. Azkenik, zehaztu zuen ideologia horretan bat ez etortzeak ez duela esan nahi inor «iraindu» nahi duenik, ezta «pertsonen aurka» egin nahi duenik ere.

EAJk akordioez galdetu zion

EAJrekin Arabako aurrekontuen luzapena adostu eta astebetera egin zituen PPko diputatu nagusiak Forum Europako hitzaldi hartako adierazpenak. Bi alderdiok beste bi akordio lortu zituzten aurrekontuei dagokienez, bata Gasteizko Udalerako, eta bestea Bizkaiko Diputaziorako.

Hain zuzen, akordio horiek aintzat hartuta, Ramiro Gonzalezek, Batzar Nagusietan jeltzaleen bozeramailea denak, deitoratu egin zuen De Andresek esandakoak zuzendu ez izana, eta hari galdetu zion, halako adierazpenak eginda, nola lortu nahi dituen akordioak EAJrekin.

Jeltzalearen hitzetan, EAJk beti defendatu du «mundura irekita dagoen Euskadi», eta lan egin du herrialde moderno bat eraikitzeko. Azkenik, De Andresi gogora ekarri zion nazionalismo espainolak historian zehar hainbeste herrialdetan eragin duen «mina, heriotza eta suntsipena».

Bestalde, Bilduk onartu egin zuen diputatu nagusiaren adierazpenekin «zur eta lur» gelditu zirela. Patxi Martinez de Albeniz bozeramaileak ere adierazpenok kritikatu, eta gaineratu zuen, demografiaren hazkunderako, Madrilek egiten duen politika ere ez dela lagungarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo