GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Gainditu gabeko lekzioa

Aldapa gora ibiltzen ikasi behar

Jokatutako 26 jardunaldietan, gorritxoek ez dute punturik batu aurkaria markagailuan aurreratu den orain arteko hamaika partidetan.

p031_f02_148x111.jpg

Jon ORMAZABAL

Egindako golak errentagarri bihurtzearen ospea irabazi du aurtengo denboraldian Osasunak, eta zenbakiek hori erakusten dute, sartutako 22 golek 26 puntu batzeko balio izan baitiote Jose Luis Mendilibarren taldeari; hau da, sartutako bakoitzarengatik 1,18 puntu eskuratu dituzte, Levanteri 4-0 irabaztea lortu zutela kontuan izanda. Konparazio batera, Ligako azken postuan den Deportivok zazpi gol gehiago sartu ditu, (29) baina orotara 11 puntu gutxiago eskuratzeko gai izan dira.

Zenbaki hauek, halabeharrez, gorritxoak gol gutxi jasotzera kondenatzen ditu, eta alor honetan, jasotako 28 golekin, gorritxoak txapelketako laugarren talderik onena lirateke. Atletico Madrilek (23), Malagak (24) eta Real Madrilek (24) bakarrik dituzte zenbaki hobeak.

Osasunaren dohainak ezagututa, argi dago bere salbaziorako aukera guztiak defentsako lan on bat egitean oinarritzen direla, baina horrek arrisku handi bat dauka, orain arte behintzat, partidako lehen gola jasotzeak punturik ez batzea ekarri izan baitio talde iruindarrari.

Izan ere, orain arte Liga txapelketan jokatutako 26 partidetan, sekula ez dira gai izan markagailuan atzetik joanda punturik eskuratzeko. 12 galdu dituzte gorritxoek aurtengo denboraldian eta horietako hamaiketan aurkariek aurrea hartu izan diete markagailuan, denak Sadarren, lehen jardunaldian Granadaren aurka galdutakoa izan ezik. Orduko hartan Ninok jarri zituen Osasunakoak aurretik, baina Mainz eta Dani Benitezen golek buelta eman zioten markagailuari.

Are gehiago, bitan baino ez da iritsi Osasuna kontra zuen markagailu bat berdintzera, Zaragozaren aurka bosgarren jardunaldian eta Bartzelonaren kontra 21.ean. Dena dela, bietan partida galtzen amaitu zuen, lehenean 3-1 eta bigarrenean 5-1.

Lortutako zazpi berdinketetatik lau husnakoak izan dira, eta beste hiruretan, Mallorcaren aurka etxean eta kanpoan eta Getaferen aurka Madrilen, gorritxoak aurreratu ziren markagailuan baina aurkariak puntu bat salbatzeko gai izan ziren.

Irteera aproposa

Athleticen aurkako derbian etxeko bolada ona amaitu zenez, kanpoan otso izateko tenorea ere iritsi zaio talde iruindarrari. Orain arte bi garaipen baino ez ditu lortu Sadarretik urrun, orain dela bi aste Levanteren aurka (0-2) eta Espanyolen aurka (0-3) hamaikagarrenean.

Ildo horretan, ostiral honetan Benito Villamarinera egin beharreko bisitak leku aproposa dirudi etxetik kanpoko zenbaki horiek hobetzen joateko. Izan ere, Betisen aurka Sevillan jokatutako azken lau partidetatik bakarra galdu dute nafarrek, iaz 1-0. Aldiz, 2008-2009 denboraldian berdinketa bat eskuratu zuten eta aurreko bi denboraldietan garaipen sonatuak eskuratu zituzten, 0-3 2007-2008 denboraldian eta 0-5 2006-2007an, Kike Solaren Lehen Mailako debutaren egunean.

Betisen etxeko zenbakiak ere ez dira onak, bost partida galdu baititu bere zaleen aurrean. Melenek nahiago dute kontraerasoan jokatu eta horrexegatik, partidako lehen gola sartzea erabakigarria izan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo