Lan akordio berria lege ez bilakatzeko, greba egingo dute
Idoia ERASO | BAIONA
Akordio Nazional Interprofesionala (ANI) sinatu zuten patronalak eta CFDT-CFTC eta CGC sindikatuek urtarrilean. Orain akordio hori lege bilakatu nahi du gobernuak, eta lehen pauso gisa, bihar ministroen kontseiluan aurkeztua izango da. Egitasmo horrek lan kodea desegiten duela salatzen dute CGT, FO, FSU, Solidaires eta LAB sindikatuek. Hori dela-eta, gaurko greba deialdia egin dute Ipar Euskal Herri osoan.
Zerbitzu publiko eta pribatuetan lan egiten duten pertsonei eragiten die lan kodearen aldaketak. Gobernuaren arabera, akordio honen bitartez enplegua bermatu nahi da. Sindikatuak, aldiz, ez dira horrekin ados agertu. LABek «langileariaren eskubideen kontrako eraso berri eta onartezina» dela salatu du.
Lau puntu salatzen ditu intersindikalak: kanporaketak errazten dituela, akordioetan oinarrituta langilea behartzen duela onartzera ordutegiaren luzapena edo soldataren murrizketa, lantoki aldaketa ez onartzea kanporatzeko arrazoia izan daitekeela eta langileak auzitara jotzeko denbora murriztuko dela.
Lan auzitegira jotzeko epearen murrizketaz gain, beste lau puntu ere salatu ditu LABek. Lan kontratu mugagabea kolokan jartzen duela, aldizkako lan kontratu mugagabea ezarri nahi duela hiru sektoretan, patronalari zerga arintze berriak ahalbidetuko dizkiola eta ordainsari txikiagoa izango duen langabezia partzialari bidea errazten diola.